GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Bake antzokian numerus clausus

Bakea berba hizkeraren komodina dute askok hartu, esaten denaren hasieran, erdian edota azkenean bertan ere ederto batean kokatu daitekeelako, esaldi osoari halako balizko zorroztasun puntu kamutsa ematen zaiolakoan. Baina bai zera! planeta honetako bazter guztiek komunean zer edo zer izatekotan bakearen eza litzateke hori; edo, bestera esanda, gatazkarako motiboak izan badira edonondik, gatazkotan gizakiak, animaliak, landareak eta harriak ere denak nahasiak daudela.

Kontua zera da, bazter guztiotan diren gatazkak planetaren gaurko zentrora eramatea, zentroa bera behin betiko desagertzeko asmoz; zentrorik gabe bazterrik ez delako, eta, beraz, bazterretan gatazkarik ere ez. Are gehiago, gaur gaurkoz Lurraz kanpoko unibertso ustez zabalean astro bizidunik badago oso litekeena da hor ere gatazkan bizi izatea. Zertara zetorren atariko galaktiko hau? a! bai! bakeaz nengoen, gaur bakearen inguruan ipar-hego, sortalde-sartalde, zabaldua den hipokresiaren antzerkiaz. Bake antzokia, ofiziala, globalizatua. Ez nau harritu antzoki hori berrikitan itxi izanak, aforoa gainditu duelakoan; hain dira gutxi euren bakearen antzokian sartzeko maila ematen dutenak!. Numerus clausus ezarria dute. Tira! kontzertu politikoa hartu berri dute bandera, datorren hauteskunde-aldirako, bake antzokiaren kudeatzaileek; kontzertuaren izar nagusia izatea nahi dute, zentroa, orain arteko kontzertu ekonomikoa telonero modura erabiliaz. Are gehiago, ohiko musikariak kanpora bialdu dituzte, partitura diferentea dutela leporatuta. Kontzertua bake antzokian izango da eta aforoa gainditu ez dadin oso jende gutxik izango du sarrerarako sarrera; edo hobeto adierazita, sarrerarako sarrera jende gutxik izan dezan aforoa murriztuko dute. Hala ere, litekeena da Foru Aldundiak berari dagozkion sarrera batzuk zozketan banatzea. Gaitz erdi!. Tira, harira! kontzertuak dirauen bitartean, eta iraunkorra izatea espero dute, larrialdirako irteerak itxita egongo dira, kate larriaz itxita egon ere, antolatzaileen esanetan holako kontzertuan larrialdi politikorako batere motiborik ez delako izango; zin dagite!. Eta han, beheko estatuaren zentroan, CSI Mandril lanean dabil, zerrendak garbiak ala lohiak zer diren azazkalez eta hortzez arakatzen. Lupa eguzkiari begira ipiniko balute behintzat! eguzki-eklipsea ez dagoenean, jakina!. Hala bada, halabiz! Hala ez bada ora pro nobis!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo