GARA > Idatzia > > Ekonomia

Epaiketaren atarian, EHLGren aldeko sostengua areagotuz doa

Epaiketa hurbiltzen ari den heinean, Euskal Herriko Laborantza Ganbera jasotzen ari den babesa handituz doa. Atzo, 4. urteurrenaren karietara elkartearen egoitzan antolaturiko sostengu eguna oso jendetsua izan zen. Goizeko biltzarrean Ganberak egindako lana aurkeztu zuten, «etengabe jartzen dizkioten oztopoak tartean ez balira askoz eraginkorragoa» litzatekeela nabarmenduz. Arazoen gainetik EHLG lortzen ari den «sinesgarritasuna» ere azpimarratu zuten.

A.M. / A.B. |

«Hau da bizi nahi duen Euskal Herriaren irudia» Mixel Berhokoirigoinen esaldiak ondo baino hobeto laburbiltzen du, atzo, Ainhize-Monjolosen bildu zen jende andanak Euskal Herriko Laborantza Ganberarekiko (EHLG) duen atxikimendua.

Laugarren urteurrenaren karietara deituriko biltzarra jendez gainezka burutu zen. Urtarrilaren 29an EHLGren aurka izango den auzia medio, ohikoa behar zuen batzarra sostengu egun bilakatu zen. Ia 600 bat lagunek hartu zuen parte egindako bazkarian eta ondorengo kontzertuan.

Eguraldia eta giroa gozoak ziren arren, goizeko bilkurak egoeraren larritasuna begi bistan utzi zuen. EHLGren Lagunen Elkarteak eta EHLGk berak iaz egindako lana aurkeztu zuten, baita hasi berri dugun urterako dituzten erronkak ere.

Berhokoirigoinek argiki azaldu zuen EHLGren Lagunen Elkartearen garrantzia, «Ganberaren bitarteko ekonomikoen erdia berak ekartzen baitigu». Ingurumenari egokitutako laborantza iraunkorraren alde egindako lanaren berri ematerakoan, adibide oso aipagarria eman zuen: berrikitan Errobi ibaiaren ertzetan kokaturiko 350 etxalderen azterketa egin du EHLGk. Azterketa hori Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan dauden baserri guztien diagnostiko orokorraren lehen zatia besterik ez da. «Inoiz egin ez den lana da. Estatu frantsesean ere ez da inoiz horrelako lanik egin. Horrek EHLGk duen borondatea eta gaitasun teknikoa erakusten ditu», gaineratu zuen elkarteko lehendakariak.

«Soilik helburuen %10 beteta»

Alta, lau urteko bilana egiterakoan halako «frustrazio puntua» agerian utzi zuten. Izan ere, denbora horretan sekulako ahalegina egin behar izan dute Ganbera etengabe jasotzen ari den erasoei aurre egiteko. «Gure helburuen %10 baino ez ditugu bete. Gainerakoa egiteko dago oraino. Lanean utziko baligute, askoz eraginkorragoak izango ginateke», nabarmendu zuen Berhokoirigoinek. Oztopoak oztopo, «pixkanaka parean ezartzen dizkiguten horma guztiak bata bestearen gibeletik botatzen» doazela ere gehitu zuen.

Berhokoirigoinek azken lau urteotako lanean alde oso baikorrak ere izan direla nabarmendu nahi izan zuen, horietako bat EHLG eskuratzen ari den «sinesgarritasuna»: «Emeki-emeki eremu pribatutik eremu publikora hedatzen ari gara. Institutu, teknikari, unibertsitate eta baita herriko-etxeak ere guregana jotzen dute gero eta gehiago. Esate baterako, lur antolaketari ekiten diotelarik, hainbat herriko-etxek irizpideak eskatzen dizkigute». Ondoren, Akitaniako Kontseiluak berrikitan EHLGren lau proiektu garatzeko diru-laguntzak ematea onartu izana aipatu zuen hedapenaren adibide moduan.

Prefetaren bidez Estatua «bere bitarteko ahaltsuak Ganberaren kontra ezartzen ari bada ere (azkenetarikoa, hautetsi guztiei igorritako gutuna elkartea ez sustengatzeko)», auzipetutako presidenteak Estatu frantsesak «kontrolpean gutxi daukala» uste du, hautetsien aldetik «babes handia» jasotzen ari baitira.

Elkartzeko eskubidearen aldeko agiria hautetsi gero eta gehiago izenpetzen ari dira. Donibane-Lohizunen, adibidez, 19 zinegotzik -horietatik gehienak gobernuan dagoen eskuineko zerrendakoak- bat egin dute agiriarekin. Halaber, Azkaine, Getaria eta Bidarteko auzapezek eta zenbait zinegotzik ere sinatu dute. Atzokoan ere hainbat joera politikoko hautetsiak elkartu ziren Ainhize-Monjolosen. EHNE, ELA eta LABeko ordezkariak ere han ziren. Guztiek, ekinaren ekinez EHLGren defentsan tinko jarraitzeko deia luzatu zuten.

100 ikerlari

Datozen egunetan jakinaraziko da esparru askotariko ehun bat ikerlarik Euskal Herriko Laborantza Ganberari sostengua adieraziz eta bere aurkako auzia bertan behera gera dadin eskatuz egingo duten deialdia.

Kostaldekoek ere zuzenean informatzeko aukera dute

Ingurumena kontuan hartuko duen kalitatezko nekazaritzak «barnealdeko laborariei» ez ezik, herritar arruntei eta elikagaiak merkaturatu edota prestatzen dituztenei ere eragiten die modu zuzenean. Hori dela eta, Donibane Lohizuneko Herri Berri udal taldeak EHLGren premia eta auziaren nondik-norakoak azaldu nahi dizkie kostaldeko biztanleei. Izan ere, «kostaldean ere laborariak badaude, zer esanik ez arrantzaleak». Talde abertzaleko zinegotziek nabarmendu dutenez, arrantza iraunkorraz, ofizioaren eta ontzien transmisioaz eta itsas-langileak soldata duina izateaz «soilik EHLG arduratzen da, sekulan ez Paueko Ganbera».

Horrez gain, hautetsiek uste dute herritar eta kontsumitzaile askok ez dutela nahi «egun eskaintzen zaizkien aukerak soilik ukaitea, hau da, laborantza produktibistatik eratorritako ekoizpenez harago, transgenikoak sustatzen dituen laborantzaz harago, ekoizpen biologikoak eskura izatea nahi dute kontsumitzaileek gero eta gehiago». «EHLG debekatzen badute, nork bultzatuko du eredu hori?», galdetu dute.

Bestetik, auziaren inguruan kostaldean informazio zuzena jasotzeko apenas aukerarik izan ez denez, Herri Berrik bilkura publiko bat antolatu du asteazkenerako, 20.30etatik goiti, Donibane Lohizuneko sardinategian. Mixel Berhokoirigoin EHLGko presidentea bertan izango da zehaztasun guztiak emateko.

Herri Berrik bere hauteskunde programan laborantza eredu iraunkorra bultzatzeko engaiamendua hartu zuenez, bere ekarpena egin nahi izan du auzi honen inguruan, «bai elkartze eskubidea sustengatzeko, bai EHLGren beharra ozenki aldarrikatzeko». A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo