«Kafe Antzokia martxan!» ekimena sinadura bila
GARA | BILBO
Bilboko Kafe Antzokiak, udalak ezarritako hilabeteko itxiera dela eta, «Kafe Antzokia martxan!» ekimena jarri du abian. www.kafeantzokia.com webgunea eraberritu egin dute eta adierazpen bat zintzilikatu dute jendearen atxikimendua lortu asmoz. Pasa den asteartean itxiera salatzeko emandako prentsaurrekoan adierazi zuten bezala, antzokian sar litekeen jende kopurua handitzeko eman beharreko pausuak adostu nahian dabiltza Bilboko udalarekin.
Adierazpenaren diotenez, «Kafe Antzokiaren edukierari dagokion jende kopuru legala, bideragarritasuna bermatu dezakeen eta aretoak erraz onar dezakeen kopurua baino gutxiagokoa da. Horren aurrean, biak bermatuko lituzkeen konponbidea aurkitzea kezka nagusienetarikoa izan da hasieratik. Berriki, administrazioko hainbat teknikarik iradoki eta aholkatu dute atzekaldeko irteera-ate bat zabaltzea nahikoa litzatekeela jende kopuru legala ia bikoizteko eta, ondorioz, bideragarritasuna bermatzeko. Baina horretarako Udalak baimena eman behar du eta orain arte ez du onartu, zonaldeko `saturazioa' argudiatuz».
Konponbide bila
Kafe Antzokiko arduradunek konponbide bideragarria ikusten diote arazoari eta horretarako, herritarren babesa eskatu dute. «Kafe Antzokia konponbide hori lehenbailehen gauzatzearen alde dago, faboritismorik gabe. Ziur, gainera, horretan partaide, bezero eta herritar askoren babesa daukala. Jokoan dagoena haren bideragarritasuna da, beraz haren jarraipena. Horregatik, hain premiazkoa izatea orain babes hori adieraztea, egoera desblokeatuz zentzuzko konponbide bat gauzatzen lagundu baitezake eta, ondorioz, Kafe Antzokiak bere ibilbide oparoan jarraitzea, Bilbo eta gure kulturaren faboretan».
Bilboko Kafe Antzokiak 1995ean zabaldu zituen bere ateak eta geroztik milaka kultur ekitaldi antolatu ditu eta milioitik gora jende pasatu da bertatik, nazioartean ere ospe handia lortuz.