GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA Zentsura mozioa Azpeitian

EAJ, Ertzaintza esku hartuta ezker abertzalea isilarazteko

Tentsioa eta ika-mika nagusi atzo Azpeitian. Batzar aretoan ez zen ustekaberik izan: ezker abertzaleko Iñaki Errazkinen aurkako zentsura mozioak aurrera egin zuen EAJko 8 botoekin eta EAko batekin. Aurpegiratzeak batetik eta bestetik. Ka- lean, berriz, betikoek jaso zuten egurra: EAJko kideek plaza utzi bezain laster oldartu zen Ertzaintza ezker abertzaleko kideen aurka.

p018_f01_111x111.jpg

Ez zen inor harritu, pentsatzekoa zelako atzoko udalbatza ez zela inondik inora ere lasaia izango. Udalera sartu aurretik hasi ziren liskarrak eta ika-mikak. Goizeko hamaikak jotzerako makina bat ertzain zeuden Udaletxe Plazan eta babesa ematera bertaratutako herritarrak ere biltzen hasiak ziren.

Goizeko hamaikak eta hamarrean abiatu zen zentsura mozioaren aurkako elkarretaratzea «Ezkertiar eta abertzaleok aurrera!» leloarekin. Iñaki Errazkin alkateari hainbat herritarrek zein ezker abertzaleko alkate eta hautetsi ugarik erakutsi zioten babesa; Villabona, Aizarnazabal, Arrasate eta Bergarakoak besteak beste. Bertan izan ziren ere Arantxa Urkaregi, Idoia Ibero, Xabier Zubizarreta, Antxon Gomez, Kepa Bereziartua...

EAJko jarraitzaileek, berriz, udaletxeko ataria hartu zuten; bertan zeuden, besteren artean, Gipuzkoako Aldundiko Kultura eta Euskara diputatua, Maria Jesus Aranburu; Errepide diputatua, Eneko Goia; eta Tolosako alkate eta EUDELeko elkarteburua, Jokin Bildarratz. Beranduago iritsi zen Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibar. Aralarreko Oxel Erostarbe ere bertaratu zen udaletxe atarira; ez, ordea, EAko aurpegi ezagunik.

Hamaika eta erdiak pasatxo zirenean amaitu zen ezker abertzaleak deitutako elkarretaratzea eta Iñaki Errazkin eta gainerako ezker abertzaleko zinegotziak udaletxera sartu ziren.

Orduan hasi ziren lehen bultzadak eta oihuak, EAJko jarraitzaileek ez baitzuten atzokoan atearen lehen lerroan hartutako lekua galdu nahi. Kazetariak ere kamerak eta mikrofonoak eskuan hartuta bultzadaka aritu ziren aretora sartu ahal izateko.

Hamabietarako bost minutu falta ziren arte ez zuten udaletxeko aterik zabaldu eta ordura arte «PNV español», «Ez gaituzue geldituko» edota «PNV diruzale» bezalako oihuak entzun ahal ziren atarian batzuen ahotik eta «PNV campeón» bezalakoak besteenetik.

Batzar aretoan ez zen sartu nahi zuten guztientzat lekurik eta makina bat lagunek kanpoan jarraitu behar izan tentsioz beteriko saioa. Sartu bezain laster kartel ugari ikus zitezkeen ikusleen artean. EAJko jarraitzaileek kartel zuriak zituzten eskuartean, alde batean «Bakea» eta bestean «Loiolan eraila» ziotenak; ezker abertzaleko kideek, berriz, «kriminalizazioa» salatzen zuten eta «ANV aurrera» esaten zuten kartelak eraman zituzten aretora. Hasiera hasieratik, oihuak eta ika-mikak nagusi izan ziren.

Udaleko idazkariak irakurri zuen EAJko zortzi zinegotzik eta EAko bederatzigarren batek izenpetu eta aurkeztu zuten zentsura moziorako testua. Bertan, Iñaki Errazkinek Inaxio Uriaren heriotzaren aurrean izandako jarrera gaitzesten zen eta «behar adinako erantzunik ez zuela eman» salatzen zen.

Alderdietako ordezkariek hartu zuten ondoren hitza. Julian Eizmendi EAJko kide eta atzotik alkate kargua duenak «azpeitiarren eta euskal hiritarren asmoa eta erabakia beren herriarentzat bakea lortzea» dela nabarmendu zuen. Horrez gain, «elkarbizitza baketsua eraiki ahal izateko lehenengo zutabea, oinarrizko eskubidea, bizia» dela gaineratu zuen.

Iñaki Errazkinek hitz gutxi egin zituen. Atzo Azpeitiko Udalean gertatutakoa «show eta zirko mediatiko» gisa definitu eta ezker abertzalea baztertzeko beste saiakera bat dela nabarmendu zuen. Bere hitzetan, «errudunak bilatu beharrean, egoera honi irtenbideak aurkitzeko soluzioak bilatu behar dira» eta bide horretan lanean jarraitzeko asmoa berretsi zuen.

Manuel Unanue EAko zinegotziak ezker abertzalearentzat eta EAJrentzat, bientzat, izan zituen hitzak. Azken aste honetan ezker abertzaleak egin dion kritika politikoa gaitzetsi zuen eta PNVri, berriz, Uriaren gorpua oraindik ere hilbeilan zela botoa eskatzen hasi zitzaiola aurpegiratu zion. Argi utzi zuen mozioa babesteko erabakia «goitik» zetorkiola; «onartu egin dugu», esan zuen. Oposizioan jarraituko dutela eta «bakearen eta askatasunaren alde» lanean jardungo duela adierazi zuen, «hiru alderdiok sortutako ilusioa berreskuratzeko».

Aralarreko zinegotzi Juan Karlos Arellanoren esanetan «ETAk lapurtu dio hitza Azpeitiko herriari, ETAk ez du Azpeitia ezkertiar eta eragile bat martxan ikusi nahi». Gogora ekarri zuen duela urte eta erdi, ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek udal gobernua osatuta, «Azpeitian aldaketa bideak jarri» zituztela, baina, bere ustez, ETAk Inaxio Uria hil ondoren, «bereizten» dituena «agerian» gelditu da.

Gogoan izan behar da aste honetan bertan GARAk argitaratu moduan gobernu akordioak publiko egin ez zen laugarren atal bat ere bazuela eta bertan hiru indarrek erantzun adostu bat zutela «gatazka politikoaren ondorio ziren egoeretarako». Uriaren heriotzaren ostean, ordea, EAk lehenengo eta Aralarrek ondoren udal gobernua utzi zuten, hasierako akordio hori baztertuz.

Ordezkarien hizketaldien ondoren hasi zen bozketa, ahoz eta banan-banan. EAJko zortzi zinegotziek mozioaren aldeko botoa eman zuten, baita EAko Mikel Ibartzabalek ere. Kontra ezker abertzaleko sei zinegotziak eta EAko Manuel Unanue azaldu ziren. Aralarreko ordezkaria abstenitu egin zen. EAJko jarraitzaileek gogor jo zuten kontrako botoa eman zuen EAko kidearen aurka behin eta berriz «chaquetero» oihukatuz; ezker abertzalekoei «koldar» deitu zieten.

Hamabiak eta erdi gertu zirenean amaitu zen bozketa eta Julian Eizmendi alkate izendatu zuten batzuen txaloen eta besteen oihuen artean.

Eizmendiri bostekoa eman ostean, Errazkinek eskerrak eman zizkien herritarrei eta Azpeitia berriz ere ezkertiar eta abertzalea izango dela promes egin zuen.

Ertzaintza borraz joka

Alkate eserlekua hartuta, Eizmendik guztien elkarbizitza baketsua eraikitzen saiatuko direla adierazi zuen, baina, minutu batzuk beranduago, atarian bake gutxi. Udaletxetik ateratako asko eraikinaren parean geratu ziren EAJren jarrera salatzeko; jeltzaleek plaza utzi eta Batzokirako bidea hartutakoan Ertzaintzak ezker abertzaleko kideen kontra egin zuen gogor, borraz joka eta bultzadaka, zenbait pertsona lurrera botaz.

Iñaki Errazkin alkate ohia izan zen udaletxetik jaitsi eta ertzainei kargu hartu ziena jendeak kritika eta aldarrikapenerako eskubidea duela argudiatuz. Ertzainek, hala ere, joka jarraitu zuten. Hala, Azpeitiko ezker abertzaleak gogor salatu zuen bai atzo, bai azken astean Ertzaintzak herrian izan duen jarrera. Halaber, «Inaxio Uriaren familiari zor zaion errespetu guztiaz», EAJk izandako jarrera kritikatu zuen; bere ustez, EAJko kideek «familiaren erabilpen politiko lotsagabe eta lotsagarria» egin du.

Eguerdiko gertaeren ostean, batetik eta bestetik iritsi ziren iritzi eta balorazioak. PSEko eta PPko ordezkariak berehala hasi ziren EAri eskatzen Azpeitian egin duena beste udal batzuetan ere egin dezan. Bere aldetik, EAko idazkari nagusiak, Unai Ziarretak zentsura mozioak beste udal batzuetara zabaltzeko asmorik ez dutela azaldu zuen, «baina oinarrizko eskubideak urratzen badira eta ANVk behar den erantzuna ematen ez badu ez ditugu oztopatuko».

EAJko Miren Azkarate aurreratu eta atzoko zentsura mozioak ez duela Alderdien Legearekin zerikusirik esan zuen, «bizitza defenditzen ez dakien alkate batekin baizik».

Kontrako iritzia zuten ezker abertzaleko Arantza Urkaregi eta Idoia Iberok; euren ustez, EAJk eta EAk «Alderdien Lege propioa baliatu dute ANVri alkatetza kentzako». Salatu zutenez, gisa honetako mozioek eztabaida desbideratzea dute helburu eta ez dute gatazkaren oinarria jorratzen. Urkaregirentzat zentsura mozioaren ondorioz galtzaile «Azpeitiko herria irten da»; izan ere, guztiaren atzean «ez dago bakea eta demokrazia», baizik eta «interes ekonomiko eta alderdizaleak».

Maider EIZMENDI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo