Maider Eizmendi Kazetaria
Triskantza egin, eta gainera, kolpatu
Hilabete batzuk pasa dira lehenengoz, erdi galduta ibili ostean, Urbinara iritsi nintzenetik. Herri txiki eta lasaia topatu nuen; burrunba handirik gabekoa. Itxura hori eman zidan plazara iritsi eta kotxea uzteko inolako arazorik izan ez nuenean eta bertatik irten eta ia arimarik topatzen ez nuenean. Herritar batzuekin jarria nuen zita; sortu nuen irudia di-da batean aldrebestu zidaten haiek; herriaren oso bestelako panorama marraztu zidaten tristatuta. Buru altxatzeko eta mendi aldera begiratzeko eskatu zidaten, lehen euren pasealekua zen lurretan egiten ari ziren «triskantza ikusteko».
Denboratxo bat igaro da Urbinan, herritarren borondatearen aurka, Abiadura Handiko Trena eraikitzen hasi eta herri lasai honetako bizimodua erabat trakestu zutenetik: leherketak han eta hemen edozein ordutan, kamioiak hara eta hona kaleetan, polizia kontrolak edonon. Lasaitasunean bizitzeko prestatutako herria makurtu nahian eta haiek, berriz, burua tente-tente.
Larunbatean azken kapitulua bizi izan zuten herri honetako kronikan. Protestan joandako makina bat herritar zanpatuak, jipoituak, atxilotuak, zaurituak... bururik altxa gabe poltsikoari baino begiratzen ez dioten horiei euren hitza helarazten saiatu zirelako, protesta nora eta, hain zuzen, txikitzen ari diren lurretara eraman nahi izan zutelako. Gogoan izan nituen manifestaziora joan eta zaurituta etxeratu zirenak, une ez oso samurrak igaro zituztenak, baina oso gogoan izan nituen, halaber, Urbinako herritarrak, euren egoera kaltetutako beste herrietako bizilagunei helarazteko eskatu zidatenak, euren seme alabak kalean lasai uzteko erreparoa dutenak, herriko inguruetan paseatzen dutenean zein koloretako polizia agertuko den beldurra dutenak; nekez esperoko eta nahiko zuten halako irudirik herrian.
Burua tente, makurtu gabe jarraitzeko asmoa erakutsi zuten orduan eta dei egin zuten, gainera, herritarren borondateari muzin egiten diotenei poltsikotik burua altxarazi eta herriaren hitza entzunarazteko.