GARA > Idatzia > Kirolak > Tau

Eutoligako Top 16 ligaxkaren zozketa

Final-laurdenetara bide laua izango du Tau Baskoniak

Olympiacos, Armani Jeans Milano eta Prokom egokitu zaizkio atzo Bartzelonan egin zen zozketan.

p033_f01_148x108.jpg

Arnaitz GORRITI | BILBO

Aurkariak gutxiestea pekatua litzateke, baina onartu behar da Tau Baskoniak Euroligako Top 16an bide nahiko laua aurkituko duela. Final-laurdenak helburu, Olympiacos, Armani Jeans Milano eta Prokom izango dira arabarren aurkariak E taldean. Urtarrilaren 28tik martxoaren 12ra jokatuko dute ligaxka hori.

Euroligako bigarren fasea Top 16 ligaxkaren atzo eguerdiko zozketarekin hasi zen. Bartzelonan ziren Europako saskibaloi talde onenetako buruak, Josean Kerejeta tartean. Bada, Euroligako idazkari nagusi Jordi Bertomeuren aurkezpenaren ostean, aurreneko atera zen izena gasteiztarrena izan zen. Ondoren, berriz, horien aurkariak eta gainontzeko taldeak.

Zozketaren ondoren, nahiko gustura zen Kerejeta. Alabaina, lazkaotarrak hitzak ongi neurtu zituen, ez zuen-eta baikortasun larregirik erakutsi nahi izan.

«Printzipioz, ez dirudi talde indartsuegia denik, baina hori kantxan erakutsi behar da. Talde guztiek jokalari onak dituzte, eskarmentu handikoak eta, horrez gain, ikusi egin behar nola iristen garen. Orain arte ez dugu lesioekin arazo larririk izan eta hala jarraitu behar dugu. Ez da erraza izango, hala ere».

Zurbaon ekingo dio Dusko Ivanovicen taldeak, Poloniako Prokom Treflen aurka, urtarrilaren 28an edo 29an. Astebetera, Atenasen izango du neurketarik gogorrena, Olympiacosen etxean. Berez, bi taldeok amaitu behar lukete E taldeko lehenen eta bigarren. Otsailaren 11n edo 12an Milanoko taldea etorriko da Zurbaora bisitan.

Astebeteko atsedenaren eta Kopako asteburuaren ondotik, otsailaren 25ean edo 26an, Italiara bidaiatuko du talde arabarrak, eta martxoaren hasieran Poloniara joango da. Azken neurketa etxean jokatuko dute euskaldunek Olympiacosen kontra. Ziurrenik dema honetan erabakiko da E taldeko buruzagitza; final-laurdenetako kanporaketan, kantxa faktorea alde eduki edo ez eduki, horra hor saria. Berlinerako bidea asko erraztu liteke, edo gaiztotu.

Gainontzeko taldeak

Final-laurdenetarako sailkatuz gero, F taldera begiratu beharko du Tau Baskoniak. Aurkaria Bartzelona, Real Madril eta Maccabiren arteko lehiatik aterako da. Bestalde, baliteke Berlingo Alba izatea F taldeko epaile.

G eta H taldeak eguna eta gaua lakoak dira. Zalantzarik gabe, G taldea da denetan gogorrena, bertan Unicaja, Panathinaikos, Erromako Lottomatica eta Partizan neurtuko dira-eta.

Aldiz, H taldean Moskuko CSKA da faborito nagusia. Bigarren lekuak, berriz, Montepaschi Sienarentzat beharko luke, eta urrats bat atzerago leudeke Fenerbahçe Ulker eta Cibona.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo