Obra iragankor bat lekuko artisten ekoizpena arte paisaian kokatzeko
Hogeita hamabost zatiko bi lan erraldoi egiten arituko dira Kepa Arizmendi eta Ricardo Pascual artistak, ondoko urtarrilaren 23ra arte, Baionako Kalostrape AEKren ostatuan. Ekimen horretaz gain, Baionako bi margolariek Ur deituriko taldea ere osatu dute, lekuko artisten lanei balioa emateko.
Pintzelez, margo zipriztinez eta margolanez inguraturik, Ricardo Pascual eta Kepa Arizmendi Baionako Kalostrape ostatuan kokatu ziren duela bi aste, aldi labur baterako tailerra bilakaturik. Beraien artea bertaratzen den pertsona ororekin «partekatu eta elkar ezagutzeko» asmoarekin ekin zioten hogeita hamabost atalez osaturiko bi koadro bertan egiteari.
Horrela, kafe hurrupa eta pintzel kolpe artean, bertaratu den orok beraiekin «arte esperientzia» hori bizitzeko aukera izan du, eta izango du oraindik ere nahi duenak, ondoko urtarrilaren 23ra arte. Egun horretan, izan ere, artistek margolana zatitzeko asmoa dute. «Zerotik hasi gara obra lantzeko orduan, koadroak ematen duenari segituz. Guztia puskatu, eta ikusiko dugu puska bakoitzak zer ezusteko ematen duen», goraipatu zuen Arizmendik. Arte iragankorra: horrela definitu zuten bi artistek lantzen ari direna. Datorren ostirala izango da, beraz, obra osorik ikusteko azkeneko eguna, arratseko bederatzietan puskatuko baitute, eta zati bakoitza ehun eurotan salgai jarri. «Koadro txiki bakoitza Baionako Kalostrapen bideratu dugun esperientziaren lekuko izango da», nabarmendu zuen Ricardo Pascualek.
Baionako bi artistek bideraturiko ekimen ohiz kanpoko horrek helburu nagusi bat dauka. Jendartearekin elkartzeaz gain, duela urte bat osatu duten Ur izeneko taldearentzat dirua biltzea. Duela zenbait denbora erakusketa baten muntaketan zeudela, bertan zeuden artista gehienak kanpotik zetozela ohartu ziren.
«Oso zaila da Ipar Euskal Herrian leku interesgarrietan erakusketak egitea», argitu zuten. Lekuko artista gisa erakusgelak aurkitu ahal izateko «borrokatzera» behartuak izaten dira. «Herriko etxeek ez zaituzte errezibitzen. Ez dizute aukerarik ematen. Arazoa areagotzen da Lapurdiko kostaldean, bereziki, giro kulturala nahiko murritza delako», azaldu zuten.
Egoera hori kontuan harturik, eta, arazoari irtenbide bat eman nahian, Ur taldea osatu zuten. «Lekuko artisten ekoizpena ikusia izatea nahi dugu, sustatu egin nahi dugu», gaineratu zuten. Horrela, Baionako AEKren Kalostrape ostatu berriak ateak ireki ondoren, bertan, Euskal Herriko artista baten lanen erakusketa antolatu dute hilero. Irkus Roblesen obrekin abiatu zuten ekintza, eta orduz geroztik etengabe aritu dira artista ezberdinak azaltzen. «Urtarrila hasiera honetarako egitarauan hutsune bat geneukan, horregatik, bururatu zitzaigun margolanak publikoaren aitzinean egitea», esan zuten. Halere, otsailetik goiti, berriz ere hasiko dituzte erakusketak. Eta, urtean zehar Baionako ostatuan ikusgai izango diren zenbait artisten izenak aurreratu zituzten: Martine Desnoy, Alain Sistiaga, Josette Dacosta, Iñigo Altolagirre eta, Figaldo, Aja eta Amaglio.
Espazio kulturala okupatua
Ur taldea Kepa Arizmendik eta Ricardo Pascualek osatzen dute, baina, ondoko astetik goiti, beste artistei ere zabalduko diete elkartea. «Artista» hitza aipatzerakoan, bi margolariek argi utzi nahi izan zuten ekimena ez dela margolariei mugatua. «Kultur eta arte mailako kezkak dituen pertsona ororentzat zabalik nahi dugu izan, hots, kultur eta arte adierazpen guztiei irekia nahi dugu Ur taldea», azpimarratu zuten.
Adierazpide guztiak bereganatuz, Ur taldearen xedea «leku guztietan» agertzea da. «Nahi dugu denetan izan, pisu gehiago izateko. Espazio artistikoa okupatu nahi dugu. Benetako talde dinamika bat sortu nahi dugu», goraipatu zuten azkenik. Kalostrape ostatuko espazio handia dagoeneko okupatua dute Baionako bi margolariek, eta ondoko hilabeteetan beste zenbait erakusketa egiteko asmoarekin dabiltza, horien artean, Baionako Tximista elkartearen egoitzakoa dago. Tartean, haur eta helduentzako arte tailerrak egiten hasiko dira.
Lekua: Baionako AEKren Kalostrape ostatua.
Eguna: Urtarrilaren 23an, arratseko bederatzietatik goiti.
Obrak: Obraren zati bakoitza 100 euroan salgai izango da.