Gaur hasiko da Biarritzen Europako ikus-entzunezko jaialdirik garrantzitsuena
Idoia ERASO | BIARRITZ
Ikus-entzunezko Programen Nazioarteko Jaialdia, FIPA, gaur hasiko da Biarritzen. Larunbatera bitarte, ikusgai izango dira munduko hamaika txokotatik ekarritako dokumental, telesail, film, erreportaje eta musika emankizun. Lehiaketako bost ataletako epaimahaiak gaur eratuko dira, hurrengo egunetako emankizunen maratoiaren ondoren urteko programa hoberenak aukeratzeko.
Lehiaketa garrantzitsua da, Biarritzen sarituak ateratzen diren emankizunak gero munduko telebista kateetan agertzeko aukera gehiago izan ohi baitituzte.
FIPAko antolatzaileen xedea «bost egunetan telebista ideala» aurkeztea da. Caroline Huppert presidentearen gidaritzapean, eta Pierre-Henri Deleau ordezkari nagusiaren hautaketarekin, Biarritz ikus-entzunezko produkzioaren egileak hartzeko prestatu da aurten ere.
Deleauk ikus-entzunezkoen garrantzia nabarmendu zuen: «Irudiarengandik ezin dugu ihes egin. Zinema, telebista, DVDak, Internet, eskuko telefonoak, pantaila publikoak, irudiaren euskarriak biderkatu egin dira. Baina zer-nolako irudiak dira? Hori da benetako koska».
Auzi horren aurrean, FIPAk bestelako emankizunak aurkeztu nahi dituela ere gaineratu zuen ordezkari nagusiak: «Audientzietatik urrun, adostasunetik eta modetatik aparte, hona hemen sortzailearen boterea indartu nahi duen aukeraketa bat, berritasunen artean berritzaileenak aukeratuta».
Irekiera saioa
Ofizialki arratsaldeko zortziak laurden gutxitan hasiko da FIPA Gare du Midi aretoan. Epaimahaikideen aurkezpenaren ondoren, «Jacques Doniol-Valcroze, les cahiers d'un cinéaste» irekiera filma eskainiko dute.
Filmaren izenburuan aipatzen den zinemagilearen emazteak egindako dokumentala da. FIPAren lehen edizioetako epaimahaikide zelarik zendu zen artista hori «Cahiers du cinema» aldizkari ezagunaren sortzaileetako bat izan zen. Jacques Doniol-Valcrozeren ibilbide oparoa aurkezten da. Gare du Midin protagonistaren emazte eta filmaren egilea Nicole D.-V. Berckmans egongo da, bere semeak eta ilobak lagunduta.
Tokia: Biarritzeko Bellevue jauregia, Hiriko Kasinoa, Gare du Midi aretoa, Le Royal zinema aretoa, Le Colisée eta Mediateka.
Data: Gaur hasi eta larunbata urtarrilaren 24ra arte.
Web orrialdea:
www.fipa.tm.fr.