Zirkunstantziek hiltzen dutenez, ez dago Israelen armak blokeatu beharra, antza
Gaza, Israelek 22 eguneko bonbardaketak eten ondoren, ezinezko normaltasun batera itzultzen saiatzen da egunotan, eta Tzipi Livni Kanpo Arazoetako ministroak atzo esan zuenez, hil diren 1.300 palestinarrak «zirkunstantzien» ondorioz hil dira. Israelen tropek Gazatik atzera egin izana, ordea, ez da bakea, eta ondo gogoan izan behar da erabaki hori Obamak AEBetako presidente kargua hartzeko bezperan hartua dela. Ekialde Hurbileko eta Europako hainbat mandatarik, herenegun Egipton bilduta, ondorioztatu zuten lehenik «bake seinale» horiek finkatu behar direla, baita «Palestinako arazoa» behin betiko konpontzeko nazioarteko komunitatearen konpromisoa ere. Munduan milioika herritarri galdera saihestezin bat bururatuko zaie: nolatan ez diren agintari horiek lehenago ondorio horretara iritsi, zergatik ez diren «bi aldeei» su-etena eskatzetik harago joan eta ez diren Israeli -inbaditzaileari, krisi humanitario larriaren sortzaileari- presiorik ñimiñoena ere egiteko gauza izan. Herrialde horietako zenbait agintari prest agertu ziren Hamasen armen blokeoan parte hartzeko. Azken asteotan erruz hil duten armak, ordea, Israelenak izan dira, batzuen arabera errua «zirkunstantziek» badute ere.