GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Baionako onkologia zerbitzua modulu aurrefabrikatuetan kokatuko dute lau urtez

Baionako Ospitalean egiten ari diren berrikuntza lanak direla-eta, zentroko onkologia zerbitzua modulu aurrefabrikatuetan ezarriko da datozen lau urteetarako. Protesta ugari sortu ditu erabaki horrek.

Idoia ERASO |

Martxoa edo apirila aldera Baiona Euskal Kostaldea Ospitale Guneko onkologia zerbitzua modulu aurrefabrikatuetan ezarriko da, eta hiru urte eta erdi eta lau urte bitartean horrela izango dutela adierazi du zentroko zuzendaritzak. Onkologiako zerbitzuburu Dominique Larregainek, aldiz, egoera hau «eskandalagarria» dela adierazi du. Bestalde, ehun eta hogei sendagilek agiri bat sinatu dute pazienteei egiten zaien harreragatik protesta egiteko, besteak beste, aurreikusia den toki aldaketa horrengatik.

Ospitalea berritzeko lanen bigarren fase honetan, minbizia duten pazienteak gau eta egunez aurrefabrikatuetan izango dituzte. Moduluak ahalik eta egoerarik onenean prestatzen saiatuko direla adierazi du Zuzendaritzak. Aldaketarekin ados ez dauden sendagileek, ordea, pazienteen egoerak nabarmen egingo duela okerrera azaldu dute. Onkologia zerbitzuko pazienteen egoera bereziki dela urrakorra nabarmendu zuten osasunean lan egiten duten profesionalek.

Pazienteen egoerak okerrera egingo duela nabarmendu zuen halaber Dominique Larregainek. Esaterako, ospitaleratuak diren pertsonen geletan ez da oherik izango eria laguntzen duten pertsonentzako. Zerbitzuko buruak gaineratu zuenez, «toki aldaketa baliatuko dute egun dagoen ohe kopurua murrizteko». Egun hamahiru ohe daude, eta zortzira murriztuko dutela uste du.

Modulu aurrefabrikatu horiek eguneko kontsultak eta hematologia zerbitzua artatzeko erabiliko dituzte. «Aurrefabrikatuak eguneko ospitalea egiteko baliatzea pentsatu izan balute, larria iruditu arren ere, onargarria litzateke; baina bizitzako azken unean egon litekeen jendea hor ospitaleraturik izatea ez da posible», jakinarazi zuen Larregainek.

Minbiziaren kontrako liga

Minbiziaren kontrako ligako komiteko idazkari nagusia den Colette Lanussek egoera «deitoratu» egiten duela baieztatu zuen. Gaineratu zuen «egoera txar horren ondoren, behintzat baldintza oneko ospitale bat izatea espero dugu».

«Modulu aurrefabrikatuetan egotea ez da ideala horrelako egoera gaitzean dauden pazienteentzat», azaldu zuen Minbiziaren kontrako ligako idazkari nagusiak. Gaineratu zuen «luze iraungo duten lanak dira, eta minbiziak jota dauden erientzat egoera hori ez da batere ona».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo