GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

Polizien eta trenen herria

Bidea hitz egitea dela esanez ahoa hainbestetan betetzen dutenak dira polizia gehien maite dutenak. Bestela, zergatik ez dute poliziaren gehiegikeriaz hitz egiten?

Europako tokirik «polizializatuenean» bizi garela gauza jakina da. Kolore guztietako uniforme, edozein kalibretako armak besapean, harroputz, gure herrietako kaleetan dabiltzan poliziak milaka eta milaka dira. Guardia Zibila, Polizia Nazionala, Polizia Forala, Ertzaintza, Udaltzaingoa, goi kargudunen eskolta pribatu diru publikoz ordainduak, segurtasun enpresetako garungabe paramilitarrak eta hauek guztiek batera erabiltzen dituzten salatari sareak. Milaka eta milaka polizia armatu, beraz, herritarren segurtasuna bermatzeko. Hori, ordea, joera nagusia da Europan eta Amerikako Estatu Batuetan, non esklabutzari soldata bat ezarriz jauntxoek langileriaren errendizioa poliziaren mehatxupean kudeatzen duten.

Euskal Herrian, ordea, Mendebalde aberatsean ematen den aipatu joeraz gain, badugu polizia horien guztien presentzia birjustifikatzen duen beste zerbait; Espainiak eta Frantziak duten gu asimilatzeko nahia.

Mundu osoan da polizia gaiztoa, baina hemen poliziak politika egiten du. Munduko edozein lekutan poliziak gainerako narko, butronero edo dena delako taldeek duten prestigio kakaztua dauka. Hemen ez. Hemen polizia politikaria da. Eta lehengo lepotik katea.

Arazo politikoak politika eginez moldatu behar direla sinetsarazi digute. Orain beraiek politika poliziarekin egiten dutela ikustean, armak erabiliz egiten dutela ikustean, zer sinetsi behar dugu? Armak ez direla garai hauetarako esaten duten berberak dira polizia gehien maite dutenak. Hitz egitea bidea dela esanez ahoa hainbestetan betetzen dutenak dira polizia gehien maite dute nak. Bestela, zergatik ez dute poliziaren gehiegikeriaz hitz egiten?

Urbinan gertatutakoari tiraka nator, PNVren poliziak egin zuen basakeriaren harira. AHT den sarraskiaren inguruko hitz kritikorik nahi ez eta egurra banatzea da politika egitea gaur egun Euskal Herrian. Atzo Itoiz, gaur AHT, bihar auskalo zer. Uria hiltzea gaitzetsi ez izanari emandako erantzun demokratiko bat izan zelakoan nago ni, baina...

Polizia. Polizia da irtenbide bakarra menpean nahi gaituztenentzat. Polizia, polizia eta polizia. Armak, armak eta armak. Armak erabili gabe ez dakite politika egiten, ez Sabin Etxean, ez Madriletik datozen txotxongiloek, ez eta Iruñeko frankista txikiek ere. Armak eskuetan egiten dute aurrera beraien proiektu politikoa garatuz, armak eskuetan eta eskuak odolez zikinduta.

Egingo da, bai, Abiadura Handiko Trena. Badakizue zergatik? Egin nahi dutenek egitea nahi ez dutenek baino arma gehiago dituztelako.

Agian ehiztariak sentsibilizatzea falta izan zaie ekologistei, edo alderantziz, nork daki. Ehiza aipatu eta galdera bat etorri zait. Urrian, pasa garaian, usoek goitik behera tiraka erantzungo balute, gaizki egingo lukete?

A! Eta bukatzeko, atzamarra erakusten dizuedanean, ez begiratu ilargira, mesedez. Mila esker.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo