GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

Oiartzun Irratiak programazio berriari ekin dio X. urteurrenean

Hamar urte beteko dituen honetan, Oiartzun Irratiak programazioa zabaltzeko apustua egin du, «gertutasuna eta parte-hartzea» bultzatzeko asmoarekin. Berrikuntza nagusia «Arguyuan» saioaren luzapena izan da, 8.00etatik 13.00etara, bost orduz, izango baita entzungai.

Odeia AIESTARAN | OIARTZUN

1999an eman zituen Oiartzun Irratiak lehen pausoak, eta hasierako formula arrakastatsuei begiratuz, hamar urte geroago goizean goiz hasiko da programazio berria ere. Astebete daramatzate jada emisioa 8.00etan hasiz eta irratiko kideek azaldu bezala, «entzuleen harrera ona izan da».

Eguerdiko 13.00ak arte, hain zuzen ere, protagonista «Arguyuan» saioa izango da, berrituta itzuli den magazina. Egunero herria agurtuz emango diote hasiera tarteari, hala trafikoaren edota eguraldiaren berri emango dute. Musika, eguneko albisteak, tertulia eta eskualdeko herrietako berri esanguratsuenak izango dira 10.00ak arte nagusi. Ordutik aurrera, berriz, «betiko Arguyuan saioa« emitituko dute, «ohiko atalekin» osatua.

Herriko gaiak lantzea, bertako pertsonaiak elkarrizketatzea edota herritarren kolaborazioa sustatzea indartuko dituzten alderdiak dira. Izan ere, iaz egindako audientzia ikerketaren emaitzak azaldu bezala, Oiartzun Irratia herriko laugarren entzunena da, hilabetean mila eta bostehun entzule dituelarik. Horri erreparatuta, beraz, «gertutasun faktorearen garrantziaz» ohartu dira irratiko kideak eta hori indartzeko asmoz herritarren hurbileko informazioa helaraziko dute. Horretarako, «Oarsoaldeko Hitza»ko kazetarien laguntza eta Oiartzungo Udalarena izango dute. Ildo honetan, eskerrak ere eman nahi izan dizkiote azken horri. Irratiko kideen esanetan, «Udalak tokiko hedabideen alde egindako apustu garbia» agerian geratu da eta legegintzaldia bukatu eta gauzak aldatuko direlakoan, «bereziki eskerrak» eman nahi izan dizkiote. Hala, Udalak ere bere txokoa izango du irratian, astero bertako kontuak hartuko baitituzte hizpide, eta jarraipen berezia egingo diote udal korporazioari.

Beste berrikuntza bat «Oarsoaldeko Hitza»ko harpidetzen banaketa izango da. Irratiko kideek adierazi bezala, Oiartzun eskualdeko herri euskaldunena bada ere, «Hitza»ko harpidetza gutxien dituena ere bada. Hori dela-eta, egunero galdera bat botako dute eta asmatzaileen artean urtean hamabost harpidetza banatuko dituzte. Galderak Pili Urritegi oiartzuar entzuleak egingo ditu.

Bestalde, aurtengoan Oiartzun Irratirako eginiko saioa ere izango da entzungai. Ane Lardiren gidaritzapean, Ttur ttur euskaltzaleon bilguneak egin du saioa eta Lekeitioko Arrakala irratian grabatua bada ere, Oiartzungo talderako eginikoa da. Bertako ekoizpenekin jarraiki, «Ezker eskuin» saioak bere ordutegian jarraituko duela baieztatu dute.

Urteurrenerako prest

Datorren uztailaren 7a da, hain zuzen ere, X. urteurrenaren eguna, eta ordurako ekintza «potenteak» antolatuko dituztela adierazi dute irratiko kideek. Hala, iragarri dutenez, bertatik igarotako kideak eta bertako entzule direnak bilduko dituzte jai erraldoi batean. Guztiz zehazturik ez badute ere, herrian egingo duten festa uztaileko bigarren asteburuan ospatuko dute. Gainera, programazio berezirik ere egingo dute.

Hamar urteko ibilbidea positibotzat jo dute kideek, aurrerapauso handiak eman baitituzte. Hala ere, aurrera begirako helburuak lortzeko lan egin behar dela adierazi dute. Bide honetan, herriko hainbat ikastetxerekin lankidetzan, irrati ikastaroak egiteko asmoa adierazi dute, «erreleboa ere iritsi beharko delako». Bestalde, herritarren parte-hartzea ere bultzatu nahi dute, horiek direlako benetako protagonista eta «gertutasuna gertuago» sentitzeko helburuarekin lan egingo dutela adierazi dute kideek.

ORDUTEGI ALDAKETA

Goizeko programazioari 2002an ekin zioten Oiartzun Irratian. Bi urte geroago, ordea, egoitza aldaketa eta Udalarekin izandako harremanak medio, emisioaren ordutegia murriztu behar izan zuten. Aurten berriz ere 8.00etan hasiko dira emititzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo