Ekaitzaren ondotik, langileak azpiegiturak moldatzen ari dira
Euskal Herria astindu zuen haizete bortitzaren ondoren, kalteak konpontzeko eta normaltasunera bueltatzeko eguna izan zen atzokoa. Hala, abian jarri zituzten Bilboko tranbia eta Larreinetako funikularra eta Gernika eta Bermeo arteko trenak ere bere bidea egin ahal izan zuen. Trenbideak bezala, aireportuak, errepideak, portuak eta elektrizitate azpiegiturak ere ohiko martxara itzultzen ari ziren. Hala ere, oraindik baziren argindarrik berreskuratu ez zuten etxeak.
GARA |
Ekaitzaren ondotik, barealdia dator, eta, kasu honetan, baita konponketa lanak ere. Adibidez, Pirinio Atlantikoen departamenduko 547 herrietatik 433k argindarrarekin arazoak izan zituzten larunbatean, eta langileek jo eta ke aritu behar izan zuten atzo zerbitzuak bere onera ekartzeko. Iberdrolak jakinarazi zuenez, Nafarroan ere 12.000 bat bezero argirik gabe utzi zituen haize zakarrak, bereziki ipar partean eta Lizarraldean. Baina pixkanaka-pixkanaka normaltasuna berreskuratu zuten. Konpainiak erran zuenez, larunbateko 22.30ean lau bezero soilik zeuden zerbitzurik gabe.
Bizkaian egoera ez zen hain ona: enpresa berak azaldu zuenez, atzoko 10.45ean 25.000 bezerok oraindik ez zuten argirik. Lekeitio, Bakio, Galdames, Lanestosa, Ermua eta Busturialdeko eta Lea Artibaiko herriek izan zituzten kalteak, besteak beste.
Azken eskualde horretan, Ertzaintzaren helikoptero batean ibili ziren langileak sare elektrikoaren matxurak non zeuden bilaka. Bi ordu eta erdi iraun izan zuen hegaldiak, eta lurretik ailegatzea zaila den leku menditsuetako eta zuhaitz askoko guneetako kalteak antzematea ahalbidetu zuen horrek.
Goizean, Gipuzkoan 2.000 bezero zeuden argindarrik gabe, Antzuolan eta Elgoibarren; eta Araban, beste 300, probintziako hainbat puntutan. 600 langile baino gehiago bidali zituen Iberdrolak 150 kilometro orduko abiadura eta gehiago hartu zuen haize harroak eragindako txikizio guztiak moldatzera, eta poliki-poliki etxeetako argiak piztu zituzten. Horren erakusle, eguerdirako bezero kaltetuen kopurua anitz jaitsi zena: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira 18.000 ziren.
Garraio publikoa
Elektrizitate azpiegiturak bakarrik ez, garraiobideak ere kaltetu zituen ekaitzak. Atzorako, ordea, Renfek normaltasunera itzuli zela eta puntualtasuna ere berreskuratu zuela jakinarazi zuen. Hala ere, Hendaiatik pasatzen den zerbitzua oraindik ez zuen martxan jarria, SNCF operadoreak bideak itxi behar izan baitzituen.
Bilbon, EuskoTrenek tranbia zerbitzua normaltasunez emateari ekin zion. Haizetearen eraginez etenda zegoen ibilbide bakarra Abandoibarra eta Basurtu lotzen dituena zen, larunbat goizean zuhaitz bat erori zelako Felipe Serrate kalean. Baina hori ere abian jartzea lortu zuten. Gainera, Trapagako Larreinetako funikularrak ere bere bidea egin ahal izan zuen. Eta Gernika eta Bermeo lotzen dituen tren zerbitzua ere ematen hasi ziren. Konpainiak komunikatu batean adierazi zuenez, hiru konponketa horiekin haizeteak EuskoTren eta EuskoTraneko tren eta tranbia azpiegituretan eragindako kalte guztiak moldatu dituzte.
Errepideei dagokienez, Nafarroan elurra kentzeko 33 makina ari ziren lanean atzo arratsaldean, Gobernuko eledunek azaldu zutenez. Izan ere, 400-500 metroko altueran elurra eginen zuela iragarria zuten. Bestalde, gaineratu zuten suhiltzaileek atzo ere lanean jarraitu zutela eta hamaika kasutan lagundu zutela. Berriz ere, Iruñeko parkekoak izan ziren lan gehien egin zutenak. Aipagarriena Doctor San Martin osasun zentroko fatxadan egindako konponketa izan zen. Hori dela-eta, beharrezkoa izan zen Amaia kaleko trafikoa gelditzea lanek iraun bitartean. Irantzuko monasteriora ere joan ziren harriak kentzera.
Etxabakoitz-Campanas errepidea ere itxi zuten kable bat erori zelako, eta Izabakoa, elurragatik. Burgi eta Izaba artean izotz puskak erortzeko arriskua zegoela-eta, semaforoak ezarri zituzten.
Parisen senide presoak bisitatu eta trenez etxera bueltan zetozela, ekaitzak bidea oztopatu zien berrogei familiari eta Bordelen eman behar izan zuten larunbat gaua, TGVko ibilgailuaren barruan. Atzo iritsi ziren Hendaiara.
Loiuko aireportuan hegaldi baten ibilbidea aldatu behar izan zuten atzo goizeko lehen orduan, eguraldi txarra zela medio. Gainerakoan, normaltasuna zen nagusi, atzean ziren jada larunbateko arazoak.
167 kilometro orduko abiadurako haizea eta 21 metroko olatu erraldoiak zirela-eta itxita egon eta gero, Pasaiako portuan eguneroko martxari ekin diote berriz. Portuko Agintaritzako bozeramaileek jakinarazi zutenez, atzo goizeko zortzietan zabaldu zuten eta itsasontziak arazorik gabe sartu eta atera daitezke. Ameriketako Estatu Batuetatik iritsi zen karga handiko ontzia, «Lípica» izenekoa, ere bai. «Lípica» Gipuzkoako kai honetan inoiz izan den kargarik handieneko ontzia da. Atzo goizean ezin izan zuen sartu, kostaldetik 100 milia urrundu zelako, baina bihar edo etzirako berriz ere etortzea espero dute. Kokea darama ontziak, Donostiako Rezola porlan fabrikan deskargatzeko.