GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Bigarren kanporaketen amaiera izango da Garat trinketean

J.L. | DONOSTIA

Berezkoen Bakarkako Txapelketako final-zortzirenen, edo bigarren kanporaketen amaiera jokatuko da gaur Donibane Garazin, Garan trinketean, 16.00etatik aitzina hasiko den jaialdian. Bertan bi norgehiagoka ikusi ahal izango dira.

Jaialdiko lehen kanporaketan, Etxeberri eta Dermit arituko dira nor baino nor, gaztetasuna eta freskotasuna eskarmentuaren aurka arituko dira. Hala ere, dirua Etxeberriren alde aterako da. Gaztea da, maila handiko pilotaria, eta aukera asko dituena kirol honetan zerbait handia egiteko; baina horretarako lasaitu beharra dauka.

Harengandik edozer espero daiteke. Partida liluragarria bezalaxe, oso txarra ere bai. Bere maila ematen badu, ez luke arazorik izan behar gaurkoan irabazteko, baina bestela Dermitek lan handiak emango dizkio.

Dermit ez da maila ikaragarriko pilotaria, baina bai segurua, eta bere lana egiten badaki, burua galdu gabe, eta bestearen hutsegiteez baliatzeko prest agertuko da gaurko partidan. Norgehiagoka hau irabazten duenak, Waltariren aurka jokatu beharko du final-laurdenetan, datorren larunbatean, Donapaleun.

Bigarren kanporaketa Lazkanok eta Idiartek jokatuko dute. Partida honetan Idiart aterako da faborito nagusi, eta dirua alde izango du.

Panpik eskarmentu handia du, eta bakarka oso ongi moldatzen den pilotaria da. Badaki zer egin behar duen. Urteak joan, urteak etorri jokalari onenekin ari da lehian, eta zerbaitegatik izango da hori.

Aurrean Lazkano gaztea izango du. Urruñakoa prest dago ezustea emateko. Badaki galtzeko ezer gutxi duela, eta irabazteko, berriz, asko. Garaipena lortzeko lana gogotik egitea egokituko zaiola ere badaki, ordea, Idiartek oso aukera gutxi emango baitizkio. Garaipena lortzen duenak, Ezkurra II.aren aurka jokatuko du larunbatean Donapaleun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo