GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Iñaki Zabaleta Urkiola idazlea eta UPV-EHUko katedraduna (*)

Bat bitan beti

Euskararen egoeraren azterketa egiteko orduan, hizkuntzaren garapenaren alde «bi estrategia desberdin atzematen dira» Zabaletaren ustez. Alde batetik, Kontseiluak gidatzen duen jardunean «ausardia, bultzada eta jauzi kualitatiboa» ardatz dituen ikuspuntua garatzen da. Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen «prozesu progresibo, mugatu eta tentuzkoa» dago. Lehendik ere gomendagarria bazen, Carlos Perez Nievasek eta Miren Azkaratek «borondateen adierazpena» sinatu eta biharamunean, eztabaidaren funtsa gogoratze aldera, artikulu honi are eta gomendagarriago deritzogu.

Hamargarren urtea ospatzeko Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak abenduan Bilbao Exhibition Centre-n ezagutzera eman zuen mezuak egoki islatu zituen Euskara(dun) Herriaren etorkizunerako erronkak eta eginbeharrak.

Aurkeztutako dekalogoa bost ataletan laburbil genezake: hezkuntzan, ikasleak eta ikasketak egiaz euskalduntzea; herri-aginteetan (gobernu, aldundi, udal), Euskararen Saila, bereizia, gobernu-egituraren gailurrean kokatzea, erabaki estrategikoa izan daitekeelako hizkuntza-politikan; alor sozioekonomikoa eta jende heldua euskalduntzea; hedabideetan euskara-kuotak ezartzea; eta gaztelaniari aitortzen zaion ezagutu-beharrezkotasuna euskarari ere aitortzea Euskal Herrian, honen berezko eta lehentasunezko hizkuntza izateko eskubidea duelako.

Milaka jende eta «politika arloko aurpegi ezagun ugari bildu ziren BEC-en» («Berria», 2008-12-14). Zerrenda arretaz irakurri eta Eusko Jaurlaritzako ordezkarien falta ikusten genuen. Ez zen joan Miren Azkarate sailburu eta bozeramailea, ez zen joan Patxi Baztarrika Hizkuntzarako sailburuordea, gonbidatuta zeuden arren (diru-laguntza eman zieten, egia da, eta HPSko ordezkaritza bat ere egon zen). Zergatik?

Gogora etorri zitzaidan, «Euskaldunon Egunkaria» sortzean Donostian egin genuen jaialdi eder eta zabalera ere ez zela Joseba Arregi orduko Kultura sailburua etorri, baina pozik aski ikusi nuela «El Mundo del País Vasco» egunkari erdaldunaren inaugurazio ekitaldian, Bilboko Boluetan.

Bat bitan, gutxienez, zoritxarrez. Herri txiki eta txikituetako lehia ahigarriak. Nire ustean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko arduradunek, urte askoan, ez dute jakin euskalgintzarekin lan egiten, elkarlana osatzen.

EAJren eta garai bateko Euskadiko Ezkerraren fobiak eta errezeloak beti agertzen dira «euskalgintza ofizialaren» ekimenen aurrean, lehen EKBren eta orain Kontseiluaren inguruan bildua, neurri batean. «Euskaldunon Egunkaria» sortzen ibili ginenean, gogoz ahalegindu ziren egunkari ofizial/publiko bat atontzen (herrialde komunistetako eredu txarra jarraituz). Azken urte hauetan, Kontseiluak arrakastatsu sortu eta gizarteratu dituen tresna biren aurrean (Hizkuntza Eskubideen Behatokia, Bai Euskarari Ziurtagiria), Azkaratek eta Baztarrikak beste bi berdintsu muntatu dituzte (Elebide, LanHitz). Kultura Sailekoek ezin al zezaketen auzolandu eta adostu Kontseilukoekin, EAErako behintzat, jadanik indarrean zeuden bi lanabes horien inguruan?

Ez dut zalantzan jarri ere egiten, M. Azkaratek, P. Baztarrikak eta beren saileko kideek ahalegin guztiak egiten dituztela euskara aurreratzeko eta indarberritzeko, eta horretarako sosak herri-ekimenari ahalik eta zuzenen zabaltzen dizkiotela. Ni beste zerbaiti buruz ari naiz, Kultura Saileko gaitz historiko eta errepikatuaz, euskalgintza deitutako sektore ekintzailearen gaineko errezelo eta azpi-azpiko areriotasuna lirudikeenaz, gehiegitan ideologikoki aitzakiatua edo errotua («ezker abertzalea dago atzetik»; «ETA ez dute kritikatzen»). Euskalgintzak aldi oro egin behar al du demokratikotasunaren aitortza?

2008ko otsailaren 21ean, «Euskaldunon Egunkaria» itxiaren eta auzipetuen alde Andoainen egindako elkarretaratzea izan eta biharamunean, M. Azkaratek Euskadi Irratian adierazi zuen «Berria» egunkaria ez zela zabala eta ez zuela sorrera modu egokienean izan. Egun gutxira, Patxi Baztarrikak, artikulu gogor eta bete bezain zintzoan, besteak beste, zioen «bereziki urruti sentitzen naiz, guztiz urruti alegia, euskara eta euskalgintza ondare propiotzat erabili eta lohitzeko joera nabarmena duen ETArekiko jarrera akritikoan tematzen direnengandik. «Euskaldunon Egunkaria» bere garaian tematu zen bezala. «Berria» gaur tematzen den bezala». Joxan Lizarribar EKTko lehendakariak hurrengo egunean erantzun zion «zein da independenteagoa eta pluralagoa «Berria» egunkaria baino?» galderarekin [erredakzioaren oharra: bi artikuluak ikusgai GARAn, 2008-2-27].

Neke handia da euskalgintzaren jarduna beti auzipean edukitzea, Estatu espainolean ezarritako demokratikotasunaren epaiketapean, ETAren indarkeriaren eta terrorismoaren aurkako betiereko gaitzespen-eskaripean. Ez Azkaratek eta ez Baztarrikak ez baitiote eskatu «El Diario Vasco» eta «El Correo»-ko arduradunei aitortza eta gaitzespena egin dezaten, bi egunkari horiek frankismoa, frankismoko edo frankismo ondoko heriotzak, torturak eta horien egileak babesteagatik, zuritzeagatik (gaur ere badira Guantanamo txikiak Estatu espainolean). Hedabide horiek eta beren arduradunek inoiz ez dute kondena hori egin eta horiei ez diete deus eskatzen, nahiz eta historia horren biktimak eta biktima-egileak ere gaur eta hemen dauden oraindik.

Egoera ahigarri honen azken ikonoa Ukan birusa izan daiteke. Kaleko jende gehienak «birus» hitza entzutean zerbait txarra, osasunerako kaltegarria dela pentsatzen du berehala, eta, hala ere, harridurarako, Eusko Jaurlaritzak birus bat jarri du euskararen ikur modura, horren «izurritea» gizartean zabaltzeko. Seguru aski, deigarri eta paradoxikoa izatea lortu du kanpainak; prentsaurrekoek, ekitaldi publikoek eta pertsona ezagun batzuen babesak eman diote tokia hedabideetan, baina zein da azpi-azpian, esanahiaren bigarren/beheko mailan geratu den konnotazioa? Euskara birus bat dela, ergo, osasunerako kaltegarria. Ez dut uste egokia denik publizitate-adituen sormenaren esku uztea gizarteko gai delikatu bat, izan ere, publizitatearen trastetokia ideia eta kanpaina malerusgarriz beteta baitago.

Iazko, 2008ko beste gai garrantzitsu bat Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bideratu duen gogoeta-prozesua izan da, «XXI. Mende Hasierarako Hizkuntza Politikaren Oinarriak» gaiaren inguruan. Txostenak proposatu dituen Hizkuntza Politikaren oinarriak jadanik XX. mendean indarrean egon eta gizartean modu orokorrean onartuak direnak dira, eta, gauza pare bat salbu (etorkinen gaia), ez dute deus berririk ekartzen: batetik, azken hogeita bost urteotako argi-ilunak nabarmentzen dira; bestetik, Hizkuntza Politika ausartago eta indartsuagoa ezin egiteko mugak aipatzean, «progresiboa» eta neurtua baizik, behin eta berriz diote errealitatea eta gizartea direla muga, boluntarismoak ez duela tokirik, gizarte demokratikoan garrantzitsu baina oso lauso eta ilun diren kontzeptuak jarri behar direla Hizkuntza Politikaren ardatzean (kontsentsua, adostasuna, zuhurtasuna, euskara denona, egitura legala, gizartea protagonista, zubigintza, ondo pentsatu gauzak...). Interpelazio kontzeptuaren eta estrategiaren funtsezkotasuna ere ez dute aipatzen.

Hainbat batzordekidek egindako ekarpenek hobe dezakete oinarrizko testua, nahiz eta kasuren batean, Joseba Arregirenean adibidez, ekarpenaren zati handi samarra erretorika akademiko sinple eta sinplista baino ez izan.

Izan ere, euskararen garapenaren aldeko jardueran bi estrategia desberdin atzematen dira. Kontseiluaren dekalogoak eta planek ausardia, bultzada eta jauzi kualitatiboa planteatzen dute, kontziente izanik herri-aginteen partaidetzarik gabe ezin direla aurrera eraman. Aldiz, Eusko Jaurlaritzaren eskarira eta beharretara egokitutako «XXI. Mende Hasierarako Hizkuntza Politikaren Oinarriak» txostenak prozesu progresibo, mugatu eta tentuzkoa jartzen du zimentarri modura. Lehenak gizartearen aurrean gidaritza bilatzen du, bigarrenak gizartearen «jarrailaritza». Bi batari begira.

(*) Artikulu hau «Jakin» aldizkariaren 169. alean, «Euskal Kultura 2008» atalean, 75-81 orrialdeetan argitaratutako artikuluaren bertsioa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo