Morales eta MAS Bolivian bultzatzen ari diren eraldaketa sozialak gizartearen babesa du
Boliviako herriak ozen esan du Evo Moralesek proposatutako Konstituzioaren alde egiten duela. Biztanleen %85 inguruk hartu zuten parte erreferendumean eta %60 inguruk babestu du MAS alderdiak bultzatutako aldaketa konstituzionala. Aldez aurretik ere jakina zenez, Media Luna deritzon ingurukoek salbu, herritarren gehiengo argiak baietz esan dio Konstituzio berriari.
Konstituzio berriaren ondorioz, erlijio katolikoak utzi egin dio Estatuaren erlijio ofiziala izateari, Bolivia herrialde laiko aitortuz; komunikabideek ezingo dituzte monopolioak osatu; oinarrizko zerbitzuak izatea -ura, argi-indarra...- giza eskubidetzat jotzen da; baliabide naturalek izaera estrategikoa hartzen dute; koka-landarea ondare gisa babesten da; azkenik, base militar atzerritarrak debekatzen dira. Nolanahi ere, aldaketa horien guztien gainetik, boliviar subiranotasunaren berreskurapena eta herritar guztien arteko berdintasuna dira Konstituzioaren lorpen handienak.
Media Lunako auziak negoziazioa eta konponbidea behar du, baina honek ezin du estali MASek eragin duen sistema aldaketa eta honen oinarri aurrerakoi eta berdinzaleak.