«Ongi etorriak dira denak»
Korrika 16ko arduraduna
Edurne Brouard Bilbon jaio zen, baina ez ditu bere sustrai lekeitiarrak ahazten. Hirugarren aldiz jarraian, Korrikako arduradun nagusia da aurten ere. Aspaldidanik dabil, ordea, AEKn eta Korrikaren antolakuntzan buru-belarri murgilduta. Datozen hilabeteetako zurrunbiloan sartu aurretik hitz egin dugu berarekin.
A.A. | DONOSTIA
«Ongi etorri» leloarekin abiatuko da Korrika 16. Antolatzaileek euskara ikastera, erabiltzera eta belaunaldiz belaunaldi transmititzera animatu diren kanpoko eta bertokoak omendu nahi dituzte.
Besoak zabalik dator aurtengo Korrika. Hasteko, ongietorria kanpotik gure artera etorri direnei.
«Ongi etorri» hori jantzi egiten dugu: Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira. Milaka eta milaka izan dira kanpotik etorritakoak, euskara ikastea erabaki dutenak, gero euren seme-alabei irakastea aukeratu dutenak, azken batean, euren bizitza euskaraz egitea erabaki duten familiak. Horiei denei ongietorri zabala egin nahi diegu, inork baino hobeto bete dutelako Korrika honek islatu nahi duen «ongi etorri» hori.
Ongietorria, euskararen mundura hurbiltzeko pausoa eman duten bertakoei ere.
Horixe da bigarren erronka. Ez genuen kanpotarren esku edo menpe utzi nahi guztia, uste dugulako Euskal Herrian asko direla oraindik ere euskarara hurbildu ez direnak, eta asko direla bere garaian euskarara hurbildu zirenak eta lege frankisten edo lege jakobinisten poderioz, edo beste barik, alde egin behar izan dutenen indarren poderioz, euskara galdu duten familiak. Eta hala ere, milaka euskaltzale dira, euskara berreskuratu eta berriro euren etxeetara ekarri dutenak.
Pauso hori eman dutenei harrera egingo dio Korrikak. Nola erakarri oraindik ausartu ez direnak?
Ongietorriaren bidez. Ongi etorriak dira denak: oraindik heldu ez direnak, heldu direnak eta bidean ari direnak, eta oraindik ausartu ez direnak, heltzeko daudenak. Aspaldi sartuta daudenak eta oraindik ez dutenak erabileraren pausoa eman. Bitartean, euskararen alde zerbait egiten ari garen euskalgintzako erakundeok, eman diezaiogun benetan pausoa baita instituzioak ere, erabilera, ikasketa, azken batean, euskararen biziraupena ez delako gure erronka bakarrik, denona delako.
Edorta Jimenezek idatzitako «Mirande Kabareta» Jon Mirande idazleari buruzko ikuskizun lotsagabea da, kafe-giroan jarduten duten antzezleak eta musikariak taularatuko ditu.
«Ongi etorri, lagun!!!» kantua makina bat aldiz entzungo dugu hemendik aurrera irrati zein taberna giroan. Jon Maia bertsolari zumaiarrak idatzi ditu hitzak eta Betagarri talde gasteiztarra arduratu da tronpeta eta ska doinu dantzagarriz janzteaz. Izan ere, Betagarrik ere hamasei urte bete ditu musika munduan lehen pausoak egin zituenetik. Bideoklipa ere aurkeztu zuten atzoko Durangoko ekitaldian. Xabier Iñarrairaegi eta Karlos Eriz izan dira errealizazioz arduratu direnak. Mundu osoko hainbat herrialdetako jatorria duten korrikalariak ikus ditzakegu bertan, Korrikaren lekukoa eskuan dutela.
Korrika kulturalaren egitarau barruan izango da Betagarri zuzenean ikusteko aukerarik ere. Martxoaren 21ean Nafarroako Zizur herrian eskainiko dute kontzertua eta Korrika 16-ri amaiera biribila emateko, beren jaioterrian, Gasteizen egongo dira apirilaren 5ean. Kantuaren hitzak eta bideoklipa Korrikaren webgunean aurki daitezke.
Aurtengo irabazleari dagokionez, Abadiñon jaio zen 1963an eta poeta gisa da ezaguna. Bere lanen artean, «Zoperna jenerala» (1987) eta «Eremu karroinduak» (1992) nabarmendu daitezke.