Benito Lertxundik abiaraziko du Korrika kulturalaren lekukoa
Martxoaren 26an abiatuko da Tuteratik hamaseigarren Korrika eta, geldiunerik egin gabe, apirilaren 5ean iritsiko da lekukoa Gasteizera. Azken urteotako ohiturari jarraituz, Korrika kulturala eta Kulturbira ere jarri ditu martxan AEK-k. Lehenengo hitzordua, larunbat honetan Gasteizko Mendizorrotzan, Benito Lertxundiren kontzertuarekin.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Badator Korrika, bi urtetik behin, AEK-k antolatuta, Euskal Herri osoa zeharkatzen duen euskaltzaleen hitzordua. «Ongi etorri» izango da hamaseigarren edizio honetako leloa, eta bi talde nagusi omenduko dituzte: alde batetik, «Euskal Herrira heldu, euskara ikasi eta erabili, umeei irakatsi, eta gure hizkuntza transmititu duten familiak» eta bestetik, «belaunaldien poderioz euskara galdu eta berreskuratzeko ahalegin aipagarria egin dutenak». Martxoan abiatuko da Korrika Tuteratik, baina larunbat honetan Benito Lertxundik emango dio hasiera Korrika kulturalari.
Kultur eskaintza anitza
Guztira hamabi ekitaldi izango dira Korrika kulturalaren baitan. Esan bezala, Benito Lertxundi Mendizorrotzan izango da asteburu honetan. Musikaz gain, ahalik eta kultur alor gehien jorratzeko eta euskarazko kultur sorkuntza bultzatzeko asmoa du programazio paralelo honek. Antzerkiari dagokionez, Jon Mirande idazleari buruzko «ikuskizun lotsagabea» ikusteko aukera izango da Bilbon, Donostian, Gasteizen, Igorren eta Altsasun. Edorta Jimenezek idatzitako «Mirande kabareta»-k kafe-giroan jarduten duten antzezleak eta musikariak taularatuko ditu. Bertan izango dira Galder Perez, Ane Zabala eta Edorta Jimenez bera antzezle lanetan, Txuma Murugarren eta Rafa Acebes musikariekin batera. Beste bi obra ere eskainiko ditu Korrika kulturalak. Piarres Larzabal idazle lapurtarrak idatzitako «Ibañeta» antzezlanak, 1968an argitaratua eta iaz Ander Lipusek eguneratua, Donostia eta Biarritz bisitatuko ditu. Bestalde, Glu Gluk ekoitzitako Galder Perezen «Kanpaiak jo bitartean» ere aurkeztuko da, «elkar ezagutu behar ez zuten eta behar baino gehiago elkar ezagutuko duten pertsonen arteko ezusteko komedia eroa eta bizia».
Bertsolaritzaren inguruan bi ikuskizun izango dira. «Erregea eta Bufoia»-k bertsoaren eta antzerkiaren arteko norgehiagoka proposatzen du. Erregea aldatzen joango den bertsolari bat izango da, bufoia, berriz, Ander Lipus antzezlea. Unai Elizasu gai jartzaileak gidatuko ditu biak. Bigarren proiektua «Anitzak hitzak» izenekoa da, musika, bertsoak, hip hop-a eta multimedia nahastuko dituena. Xabier Silveira, MC Invert taldea, Dabid Nanclares eta Asier Ercilla izango ditu protagonista.
Haurrentzat ere izango da zer aukeratua. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen «Piratak» ikuskizunak biran jarraituko du. Eidabe antzerki taldeak «Atxikistan. Kanpanolue martxan» «haur berbena» estreinatuko du Ondarroan, eta etxeko txikienek Korrika zer den ulertzeko, Zirko Tipiak prestatutako «Karrika Korri» izango da Garraldan.
Ikuskizun horiez gain, dantza ere izango da Kukai taldearen eskutik Korrikaren hasiera eta bukaera egunetan egingo dituzten estreinaldietan. Ander Izagirrek «Munduko zaintzaileak» hitzaldi-diaporama eskainiko du Josetxo Mayor, Javier Etxepare edo Xabier Cabezon bezalako gizon eta emakumeen historiak ezagutaraziz.
Bigarren urtez, Kulturbira
Auzoetan izango diren hainbat kultur ekitaldiri lagunduko dien egitasmoa da Kulturbira. Ohiko Korrika kulturalari gehituko zaizkion hainbat emanaldi bultzatzeko, azpiegitura eta emanaldi kulturalaren berri emango duen eszenatokia jarriko da hainbat herri eta auzotan. «Euskal kultura herrikoiaren isla izan nahi du. Euskal Herriko edozein txokotan dauden baina plazaratzeko aukerarik ez duten kultur emanaldiak burutzeko aukera eskaintzea da Kulturbiraren helburua». Bira honi atzo eman zitzaion hasiera Durangon; hurrengo emanaldia Laudion izango da larunbat honetan, eta beste hogei herritatik igaroko da, apirilaren 5ean Gasteizen bukatu arte. Bestelako ekintzak ere martxan dira jadanik. Atarrabian eta Biarritzen egin diren Korrikako arroparen desfileak, esaterako. Informazio guztia, www.korrika.org helbidean aurki daiteke.