Haize boladak baretzerako, elurra eta euria bilakatu dira ardura
Oraindik ere milaka lagunek jarraitzen zuten atzo argindarrik gabe eta haize bolada bortitzek eragindako kalteak konpontzeko lanetan ziharduten batean eta bestean. Elurra eta, batez ere, euria dira orain ardura handiena eragiten dutenak. Atzo hainbat errepidetan ibilgailuek kateak behar izan zituzten, eta euri asko iragarri dute, zenbait tokitan hogeita lau ordutan 60 litro metro karratuko. Hori dela eta, ibaien egoera tentuz jarraitzen ari dira.
M. EIZMENDI- I. ERASO |
Haize ekaitz bortitzek Euskal Herriko makina bat txoko gogor astindu eta bi egunetara, atzo goizean oraindik ere ia 17.ooo etxetan argindarrik gabe jarraitzen zuten. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan oraindik ere ugariak eta larriak dira arazoak. Arratsaldean 10.000 etxe gelditu ziren argindarrik gabe eta irispide zaileko tokietan egoerak bihar arte iraungo duela aurreikusi zuten. Nafarroan, Baztan eta Ultzama inguruan, hainbat pertsonak argirik gabe jarraitzen dute, eta Bizkaian Iberdrolak arazoak konpontzeko 600 langile baino gehiago jarri dituela ziurtatu arren, atzo iluntzean oraindik 1.100 etxetan ziren argirik gabe. Zornotzan, esaterako, elektrizitate sorgailua alokatzeko asmotan zen Udala argirik ez duten baserritarrentzat.
«Erromantikoa dela diote»
Ostalaritza arloan aritzen direnek ere ez zuten panorama ederrik. Mallabiko Trabakugoikoa jatetxean esaterako, atzo iluntzean oraindik ere argirik gabe jarraitzen zuten eta kezkatzen hasiak ziren, batez ere hozkailuetako janarekin, Rosario Zelaietak azaldu zuen moduan. Izan ere, beheko sua, gas-sukaldea eta kandelekin nahiko ondo moldatu direla onartu zuen. «Bezeroak barre egiten dute oso egoera `erromantikoa' dela diote», kontatzen zuen. Lehen ere argirik gabe egonak dira, baina Zelaietaren esanetan, ez dute gisa honetako egoerarik gogoan. «Horrenbeste denbora ez dugu egin argirik gabe eta esan digutenez, baliteke bihar -gaurkoagatik- ere ez izatea», ohartarazi zuen.
Haize boladek ere gogor kolpatu zituzten Lapurdiko Hazparne, Beskoitze eta Mugerre inguruak, eta nola edo hala moldatu behar izan dute. Beskoitzen, adibidez, herriko ikastetxea zabaldu zuten atzo argindarrik ez duten herritarrentzat. Elektrizitate sorgailua dute bertan, eta sukalde eta jangela gisa erabili ahal izan zuten bertako biztanleek.
Inguru batzuk besteak baino kaltetuago suertatu badira ere, arazoak han eta hemen izan dira. Zuberoan, elektrizitate arazo gutxiago izan arren, telefonorik gabe zeuden atzo etxe askotan.
Konponketa lanetarako eta balorazioetarako eguna ere izan zen atzokoa. Donostiako Udalak kalteak konpontzeko hiru bat aste beharko dituztela ohartarazi zuen eta, besteren artean, Urgulleko, Aieteko eta Gladis-Enea parkeak itxita egongo direla iragarri zuen eroritako adar eta zuhaitzak kendu arte.
Garraioari dagokionez, itxita jarraitzen zuten bai Bordele eta Hendaia arteko lineak, bai eta Baiona eta Donibane Garazi artekoak ere. Errepideetan, batez ere txikienetan, arazo ugari eragin zituzten eroritako zuhaitzen adarrak, eta Bilboko portuan arazoak izan ziren atzo arratsaldean ontziak hustu eta betetzeko, itsasoaren egoera kaskarragatik.
Oraindik ere haize boladak baretzerako, ordea, elurrak eta kazkabarrak hainbat errepidetan eragindako trabak gehitu zitzaizkion atzo. Igande gauean hasi zuen elurretan hainbat tokitan, eta atzo goizean kateak behar ziren Opakua, Urduña, Bernedo eta Zaldiaranen, bai eta Urkiagan eta Egozkuen ere, eta itxita jarraitzen zuen Izabarako errepideak. Orduak aurrera joan ahala baina, egoerak hobera egin zuen. Gaur elur-maila goizean 900 metrotan kokatuko dela iragarri dute eta arratsaldean 1.300 m-tik gora kokatuko dela. Hala ere, Nafarroan erne egotea gomendatu dute.
Erreka eta ibaietan jarria dago orain arreta. Iragarpenek euria agindu dute eta zenbait tokitan hogeita lau ordutan 60 litro bota ditzakeela ohartarazi dute. Hala, Errobi eta Aturri ibaiak, esaterako, alerta horian daude eta Ulibarriko urtegian ere ura botatzen ari dira.
Arabako Aldundiak udalei estoldak garbitzeko gomendatu die euri pilaketak eragozteko eta Lakuako Barne Sailak Babes Zibileko Plana atzo eguerdian bertan behera utzi bazuen ere, euri iragarpenen aurrean jarraipen talde bat izango du.
Aseguruen Konpentsazio Partzuergoko araudiaren arabera, 135km/h abiaduratik gorako haize boladek eragindako kalteak ordaintzen ditu. Kasu honetan, oso leku gutxitan gainditu da muga hori.
Ertzaintzak emakume baten gorpua atera zuen atzo goizean Urumea ibaitik (Kursaal parean). Goizeko seiak eta laurden zirenean herritar batek SOS Deiak-era deitu eta pertsona baten gorpua uretan ikusi zuela esan zuen. Ertzaintzako urpekariek lortu zuten emakumearen gorpua uretatik ateratzea.
Oraindik ez dute emakumearen identitatea eta zer gertatu zitzaion argitu. Horiek argitzeko autopsia egitera eraman zuten gorpua. Datozen orduetan emango dituzte ezagutzera analisiaren emaitzak, eta Urumea ibaira erori zen edota itsasoak beste leku batetik ekarri zuen argituko da.