GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Binakako txapelketa

Poz tanta bi, sufrimendu erauntsi itzelaren erdian

Olaizola I.a eta Ruizek txapelketako lehen puntua eskuratu zuten, hutsek baldintzatutako partida eskasean

OLAIZOLA II-P. RUIZ 22

XALA-LASKUARIN 21

Jon ORMAZABAL | TOLOSA

Bizitzako gainontzeko alorretan bezalaxe, pilotalekuan ere inoiz gozatu eta sarri sufritu egin behar izaten da. Atzokoa Tolosan bigarren horietakoa izan zen, bai kantxan izan zirenentzat eta baita harmailetatik partidari begira egon zirenentzat ere. Aspaldian izan den partidarik kaskarrenetakoan, txapelketako lehen puntua eskuratu zutenak, Asier Olaizola eta Patxi Ruiz, izan ziren Beotibar zaharra gustura utzi zuten bakarrak -agian hauen hurbileko norbaitek eta apustuetan diru mordoxka irabazi zuenak ere, horretarako aukera behintzat galanta egon zen-, izan ere, hutsik gutxien egin zuen bikotea heldu baitzen 22ra, Asegarceko bikotea markagailuan aurretik jarri zen une bakarra izan bazen ere.

Zoritxarrez, iragan astean bezala, Aritz Laskurain izan zen partidako protagonista tristea, partida erdialdera eskuineko eskuan min hartu baitzuen, eta hortik aurrera pilota gehitxo beheko koltxoira bota zituelako. Sufrimenduak ez zion batere saririk ekarri eta gainera hurrengo jardunaldian Zubietak hartu beharko du bere lekua, ez baita jokatzeko moduan egongo.

Soraluzekoak arazoak eskuinean izan bazituen, Patxi Ruiz ezkerrez ere ez zen askoz hobeto ibili, batez ere partidaren bigarren erdian huts ugari batu zituelako. Partidako onena, etxetik lezioa behar bezala ikasita etorri zen Asier Olaizola izan zen, joko ikusgarririk egin gabe, bikain asmatu baitzuen Xala saihesten eta atzelari gipuzkoar gaztea zigortzen.

Boladaka jokatutako partida

Oro har hitz eginda, boladaka jokatutako partida izan zela esan daiteke, hori bai, markagailuaren agintea, azken unera arte urdinen eskuetan izan zela. Txukun hasi ziren Aspekoak, Xala jokoan sartuz 6-0 irabazten jartzeraino. Gorriek, ordea, azkar erantzun zuten eta hasieratik argi utzi zuten zein zen irabazteko euren taktika.

Asegarcekoek nahi bezala, partida gogortuz joan zen eta erdialdera Laskurainen eskuinak nahikoa zela esan zuen. Gorrientzako pagotxa zirudienak, ordea, kalterako izaten amaitu zuen. Izan ere, hamairunako berdinketatik aurrera, Laskurainek, ahal zuen guztietan ezkerrez joz, Patxi Ruizi pilotak paretera baztertzen asmatu zuen eta Lizarrakoak ez zuen erantzuten jakin. Asier Olaizolak berak partida amaieran onartu bezala, Laskurainen eskuina bilatzen itsutu ziren, eta urdinak erabakiorrak ziruditen 13-18 eta 16-20 aurreratu ziren.

Aurrelarien ordua heldu zenean, Xala saiatu zen zegozkion ardurak hartzen, baina Asier Olaizola izan zen gauzak argien izan zituena. Tartean zabalera indarrez nahita ateratako sake batekin, Xala pasatzeaz gain Laskurainen ahuldadeak agerian uzten hasi zen, eta pixkanaka pixkanaka aldea jaten joan ziren markagailuan hogeita banako berdinketa ezarri arte.

Atzoko partidak ezin zuen bestelako amaiera izan eta argi zegoen huts egiten ez zuen atzelariaren bikoteak irabaziko zuela eta gorriei tokatu zitzaien.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo