GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Berezkoak

Lazkanok eman du ezusterik handiena, Idiart mendean hartuta

Jon LEUNDA | DONIBANE GARAZI

Bixente Lazkanok eman du final-zortzirenetako ezustea, atzo Panpi Idiart menderatuta. Idiartek ez zuen partida amaitzerik izan, belaunean min hartu, eta partida bertan behera utzi behar izan zuelako, baina ordurako Lazkano irabazten ari zen, eta neurketa amaitutzat eman zenean, urruñarra 29-26 zen aurretik. Beste partidan, Etxeberrik ez zuen arazorik izan Dermiti irabazteko.

Idiarten eta Lazkanoren arteko partidan dirua lehenengoaren alde atera zen, baina azken hau izan zen nagusi partidan zehar, eta berea izan zen garaipena, nahiz eta amaiera ez izan inoren gustukoa.

Idiartek ez zuen bere maila eman, ezinean aritu zen. Lazkanok, berriz, egiten dakiena ederki egin zuen. Saketik primeran, aurkaria menderatuz, eta jokoan ere, gehienetan nagusi izan zen. Idiartek, aldiz, sakearekin ez zuen inoiz asmatu, eta oso gutxitan erakutsi zuen bere gaitasuna. Oker zihoan arratsaldea biribiltzeko, belaunean min hartu zuen, eta ezin izan zuen jarraitu.

Partida 42. minutuan gelditu zen, eta hona hemen markagailuaren bilakaera: 0-3, 2-4, 4-4, 4-6, 5-6, 5-8, 6-8, 6-9, 9-9, 11-9, 11-11, 11-14, 12-14, 12-15, 15-15, 22-15, 22-16, 23-17, 23-21, 27-23, 27-26 eta 29-26. Lazkanok zortzi tanto egin zituen sakez, eta Idiartek, berriz, lau tanto eta bi falta. Hurrengo kanporaketan Ezkurra izango du aurrez aurre, urruñarren arteko dema, beraz.

Aurretik jokatu zen partida, berriz, eskasa izan zen, Etxeberrik ez baitzuen aurkaririk izan, eta 40-11 irabazi zion Dermiti 33 minututan. Markagailuak dena erakusten du, irabazlea jaun eta jabe izan baitzen.

Honela egin zuen aurrera markagailuak; 3-0, 3-1, 5-1, 5-2, 22-2, 22-3, 30-3, 30-5, 31-6, 33-7, 36-7, 36-11 eta 40-11. Hamabost kintze egin zituen boteari esker Etxeberrik, eta bi Dermitek. Herve Etxeberrik Waltari, egungo txapelduna, izango du aurkari final-laurdenetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo