GARA > Idatzia > > Ekonomia

Bestelako laborantza eredua epaituko dute gaur, Baionan, EHLGren kontrako auzian

Hilabeteak prestatzen eta mobilizatzen aritu ostean, EHLGrentzat eta Mixel Berhokoirigoienentzat heldu da eguna, bere burua defendatzekoa baino, beste laborantza eredua -iraunkorra eta lurraldeari egokitutakoa- defendatzekoa. Hitzordua, Baionako Auzitegian, 13.30ean.

Arantxa MANTEROLA |

Azken asteotan jasotako atxikimendu eta deialdiak ikusita, sekula ezagutu ez den moduko elkarretaratzea izango da Baionako Auzitegiaren aitzinean, 13.30etik goiti. Arrazoia jakina da dagoeneko: Euskal Herriko Laborantza Ganbera (EHLG) eta haren lehendakaria, Mixel Berhokoirigoin epaituak izango dira, Laborantza Ganbera ofiziala «ordezkatzen saiatzeagatik» prefetak 2005ean tartekatutako salaketa medio.

Estatuaz gainera, Paueko Laborantza Ganbera ere aurkeztu da akusazio zibil gisa.

Auziaren lehen saioa irailaren 18an izan zen baina, orduan, EHLGk epaiketa atzeratzeko eskatu zuen defentsa ondo prestatzeko aukera izatearren. Berhokoirigoin izango da lehena deklaratzen. Hiru abokatu izango ditu alboan, horietako bat, Corinne Lepage, bi urtez Ingurumen ministro izandakoa.

Ondoren, lekukoak entzuteko txanda izango da. Paueko Laborantza Ganberak ez ditu lekukoak eramango, presidentearen esanetan, «soilik EHLG sortuz geroztik egoera nola bizi» duten eta «zer ondorio ekarri» dizkieten azalduko dute. Arratsera arte iraungo du epaiketak, eta bitartean, kanpoan, hurbil dagoen Moderne trinketean paratutako karpan elkartasuna adieraztera joandakoak bildu eta saioa segitu ahal izango dute. Emaitza aste batzuk barru jakinaraziko da.

Milaka atxikimendu

EHLGk egundoko atxikimendu adierazpenak jaso ditu Euskal Herrian, baita Estatuan ere. 1.000tik gora hautetsi, esparru askotariko «100eko deiak», 130 ikerlarik azaldutakoa, esaterako, eta elkarte eta talde andana argi azaldu dira beraren alde.

Auzitegira bertaratzera dei egin dute askok, horien artean, AB, Batasuna, EAJ, ELB, LAB, FSM, Seaska, Euskal Konfederazioa eta EHZ festibala.

EZAGUNAK

EHLGren xedeekin bat egin du hainbat jende ezagunek, tartean, Danielle Mitterrand-ek. Presidentetzarako hautagai izan zen Jose Bove epaiketan izatea espero dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo