Langileen haserreak Baionako karrikak bete zituen
Baiona txiki geratu zen atzo bere baitan hamar milatik gora laguneko manifestazioa hartzeko, Nicolas Sarkozyren erreformen aurkako greba orokorrak Ipar Euskal Herrian izan zuen oihartzunaren erakusgarri. Krisiaren aurrean Estatu frantseseko Gobernuaren jokaera, nolanahi ere, funtsean sobera ezaguna da Europako eta munduko herrialde gehienetan. Kapitalak eragindako krisiari langileen lepotik bilatu nahi diote irtenbidea. Langabezia tasak gora eta erosteko ahalmenak behera egiten duten bitartean, enpresa txikiek nekez iraun edo itxi behar duten bitartean, beste enpresa askok krisia dela-eta hartu beharreko neurriei esker etekinak emendatzen dituzte. Enpresarien jokaera ulergarria da -ez onargarria, ordea- beraien izaerari dagokiolako. Ulertzen zailagoak dira -eta era berean onartezinak- erakunde publikoen politika ekonomikoak, enpresarien logikaren araberakoak baitira. Administrazioetako arduradunek gizartearen eredu gisa aurkeztu ohi dituzte enpresaburuak, baina enpresaburuak ez ditu gizartearen ongizateak arduratzen, gehienezko etekinak baizik. Horregatik prekarietatea ez da haien kezka eta bai haien jokaeraren ondorio, betiere herri erakundeen sostengua dutela. Horiek horrela, langileek berek arduratu behar dute beren interesen defentsaz, bizimodu duina lortzeaz alegia, Euskal Herrian, Europan eta mundu osoan.