GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Borondatearen araberako» hizkuntza politika «progresiboa» defendatzen du Lakuak

Oihana LLORENTE |

Lakuak 2007ko urrian abian jarritako Euskara 21 ekimenak bere ibilbidea burutu eta atzo aurkeztu zuen azken txostena. Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak dokumentua aurkeztu eta «nahitaezko» jo zuen duela hamar urte adostutako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia berrikusi eta egungo egoerara egokitzea. Horretarako erabiliko dira Euskara 21 prozesuak mahaigaineratutako oinarriak.

Euskararen erabilera areagotzea eta sendotzea da itun berrituaren helburua, baina xede hori lortzeko «herritarren atxikimendu eta borondatea» da Baztarrikaren aburuz giltzarri bakarra.

Hizkuntza politikaren inguruko akordiorik «zabalena» helburu duela argi adierazi zuen Baztarrikak, haren aburuz, «euskararen biziberritzea eta kohesio soziala» estu loturik baitaude.

Kursaalen egin zuen Baztarrikak aurkezpena, txostena gauzatzen parte hartu duten Aurelia Arkotxa, Alberto Lopez, Eneko Oregi, Pello Salaburu eta Erramun Osa lagun zituela. Horiek guztiek, arauen oinarria herritarren atxikimendua izan behar duela defendatu zuten, haien hitzetan, «kontua ez baita helmugara gutxi batzuk iristea, denbora gehiago behar bada ere, guztiok iristea baizik». Bestalde, dokumentu osoan zehar ez da eperik zehazten.

Datozen hamarkadetako hizkuntza politikaren gakoa «progresibotasuna» izan behar dela ere adierazi zuten, haien ustez, erizpide horrek biltzen baitu «atxikimendua, egingarritasuna eta erritmo egokia».

Salaburuk hartu zuen hitza ondoren, eta etorkizunari dagokionez baikor agertu zen. Haren ustez, datozen bi hamarkadetan, 50 urtetik beherako biztanle oro euskal hiztuna izango da, eta horren arrazoi nagusia EAEko hezkuntza sistema «elebiduna» dela aipatu zuen. Egungo datuek ordea, ez dute hori berresten eta euskalduntzea sustatzeko Lakuako Hezkuntza Sailak, EA buru duenak, berriki aurkeztutako proposamena bertan behera gelditu da.

«Adostasuna», «pertsuasioa» eta «tinkotasun demokratikoa». Horiexek izan ziren aurkezpenean gehien erabilitako hitzak eta, haien esanetan, etorkizunari begirako hizkuntza politikaren oinarri izan beharko luketen elementuak. 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo