Bihotzaren taupadak
Blanca IZKUE
Gure zutabe-kide den Aritz Sound System-ek iragan astean argitaratu maisu lanari xumeki segida emanez, neuk ere oraingoan musikak eta gizakiak duten lokarrietako bat hartuko dut ardatz.
Urteko sasoiak lagunduta, ilbeltzaren bukaeran garela, inauteriak etorri zaizkit gogora, eta horien artean hobekien ezagutu izan ditudanak: Nafarroako Zubieta herrikoak. Zehazki, inauteriak musikarekin baino, askoz primarioagoa den erritmo eta zaratarekin duen harremana. Malerrekako herrixka honek eta honen auzokide diren ittundarrek jende uholdea pairatzen dute egun hauetan. Bi herriek partekatzen eta aski ezaguna duten antzinako ohiturak famatu ditu Zubieta zein Ituren, hau da, bizkarrean joareak lotu eta gerriari eta giltzurrunari eraginez, haiei sorrarazten dieten soinua ateratzearenak. Joare jotzaile, joaldunak; jaia bera, zanpantzarra. Mugimendu erritmikoaz soinu erritmikoa ateratzen diete joareei, himnotikoa kasik.
Zubietan, Jimeno Jurioren ikerketa etnografikoa mereziko zuen bitxikeria agertzen da, erritmoa gizakiaren senezko sorkuntza den erakusle: otorduak amaitutakoan, kanturako eta dantzarako tenorea heltzen delarik, gorputzak eta arimak ongi berotuak dituztela, orduan «ua, ua, ua, ua...!!» hasten dira, oihuka eta saltoka, denok batera, erritmo sakon eta basatia sortuz. Bihotz taupadak ozenki antzezten ari direla dirudi.
Erritmorik oinarrizkoena dugu bihotzaren taupada, eta horrela irakasten diegu haur txikiei, konpasak, notak eta figura abstraktuekin hasi aurretik. Metafora dirudien arren, bihotz taupadak eta gizakion deiturak ditugu gure oinarrizko erritmo eta doinuak. Denborarekin, gauza izan gara MP3 edo musika tresna harrigarriak sortzeko, izadia bikain imitatzen dutenak. Baina Zubieta bezalako toki garbietan, oraindik ere «ua, ua» oihuka, erritmikoki azaleratzen dute poza.