GARA > Idatzia > > Kultura

Hamahirua, madarikatua ala bedeinkatua?

Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea

Hil honetako hamahirugarren eguna, asteartea izan genuen. Hamahiru izan dira ere, Bilboko Kafe Antzokiak zabalik eman dituen urteak. Eta berrehun, Edgar Alan Poe poeta madarikatua jaio zenetik igarotakoak. Hobe eskailera albo batetik zeharkatzea eta katu beltza ikusiz gero, ez begiratzea... Hamahiruak bihotzak uzkurtzeko gaitasuna baitauka, eta are gehiago, Sarriegiren danborrak euritan busti ostean, zikloi baten amorruak gure leiho, auto eta gorputzak astindu dituenean. Hamahiruaren egunetan murgildurik gaude. Superstizio, eldarnio, zantarkeria eta izuaren maisua jaio zen egun misteriotsuetan.

Haizeak teilak, lorontziak eta zaborrak astintzeaz gain, beste zerbait ere astindu du euskal kulturari dagokionez. Bilboko Kafe Antzokia. Aurreko urte amaieran Bilboko Udalak hilabeterako itxi bazuen ere, oraindik ez dago zer gertatuko den jakiterik. Izan ere, antzokiaren autofinantzaketarako beharrezkoa da orain arteko tamainako ekintzak antolatzea, eta horretarako, larrialdietarako ate bat zabaldu beharko lukete legearen arabera. Baina, antza denez, Udalak ez dio horretarako baimenik eman nahi, eta badirudi, oraingoz behintzat, ez dela inolako akordiorik lortu. Gauzak horrela, antzokiak betiko itxi beharko lituzke ateak, eta egoera honen aurrean berehalakoak izan dira erantzunak, milaka eta milaka pertsona izan baitira euskal kulturarentzat erreferente izan den gune honi euren babesa eskaini nahi izan diotenak. Utopia hutsa zen amets hura, egia bilakatzea lortu baitzuten, eta hamahiru urtetako lanaren ostean, ezin betiko desagertu.

Utopiatik jaio zen ere, Geroa antzerki taldea duela 30 urte. Eta euskal antzerki profesionalaren aitzindari izandako talde honi omenaldia eskaini nahi izan dio Durangoko San Agustin Aretoak. Otsailaren 7 arte, euren ibilbideari errepaso egiten dion erakusketa bat antolatu dute, eta baita antzezlan ziklo bat ere: «Muerte accidental de un anarquista», «Cyrano», «El Avaro», «Abraham y Samuel». Durangoko auzoetan antzezten ibiltzen zen jende hura, talde finko batekin lanean hasi, eta antzerki tailerra sortzearekin batera, profesionalizatzen joan ziren. 1979. urtean lehenengo antzezlana estreinatu zuten, «Kaixo Aguirre». Handik aurrera, jo eta su aritu ziren. Euskal Herriko frontoi eta institutu guztietan aritu ziren, garai hartan, antzoki batean aritzea ezohiko kontua baitzen. Talde hau izan zen euskal antzerkia, profesiotzat hartuz, bizitzen eta zabaltzen hasi zen lehengoa. Eibarko Jaialdian izan zen, 1997. urtean, guztiak elkarrekin oholtza gainean izan ziren azken aldia. Gerora, norberak bere bideari ekin bazion ere, taldeak berean dirau oraindik eta Durangoko kultur etxeak omenaldia egin nahi izan dio ametsa bizimolde eta ogibide bilakatzeko gai izan zirenei.

Eta hilaren 30ean, Kanaria Handian ospatuko diren Max sarietan ere izango ditugu, euskarazko antzerki idazle onenaren sailean, hainbat hautagai ezagun ere. Hala nola Aizpea Goenaga, Mireia Gabilondo eta Joseba Sarrionandia, bai eta Hortzmuga taldea ere. Eta hamahiruaren zikloiak astinduriko Poeren jaiotzaren berrehungarren urte honetan, sorpresa ederrak izan ditzakegu oraindik ere, eta, batek daki, Bilboko Kafe Antzokiari, poetaren madarikazioak mesede egingo ote dion. Izan ere, nik ez dakit hamahiru zenbakia madarikatua ala bedeinkatua den.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo