GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Amaiur eta Donibane Garazi lotuko ditu apirilaren 10ean abiatuko den Gazte Martxak

«Lotu independentziara!» lelopean ospatuko dute gazte independentistek Aste Santuko oporretarako urtero antolatu ohi den gazte ekimen erraldoia. Aurtengoa, Gazte Martxa izango da. Apirilaren 10ean Amaiurtik abiatu eta hilaren 12an Donibane Garazin amaituko da.

p017_f01_28659.jpg

Gari MUJIKA |

Gazte independentistek Aste Santuko oporraldian urtero egiten duten ekimen erraldoia hizki larriz idatzia nabarmentzen da Euskal Herriko egutegian; atzo aurkeztu zuten aurtengoa: Amaiur eta Donibane Garazi lotuko dituen Gazte Martxa apirilaren 10etik 12ra egingo da. Leloa baino, eskaria darama bere baitan ekimenaren lemak: «Lotu independentziara!».

Gazte independentistek Donostiako Ibaetako unibertsitate campusean egindako agerraldian aurkeztu zuten apirileko ekimena, independentziaren aldeko ibilbidean urrats berri bat izan nahi duen dinamikan kokatuz. «Euskal herritar askeak biziko diren Euskal Herri askea eraikitzeko urrats bat eman behar dugu, Independentziara lotu behar gara», azaldu zuten datozen hilabeteotan ezagunak egingo diren elastiko gorriak soinean zituzten gazteek.

Muga arrotzak gaindituz

«Inposaturiko bi estatuen muga antzuen gainetik pasa eta Euskal Estatu Sozialistaren aldeko milaka gazte batzeko asmoz», beraz, euskal subiranotasunaren sinbolo ere baden Amaiurtik irtengo da datorren apirilaren 10ean hiru egun iraungo duen Gazte Martxa.

Ez dirudi, gainera, Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherea zeharkatuko dituen mendi martxaren ibilbidea kasualitate hutsekoa denik. Are gutxiago, «Lotu independentziara!» dinamikaren aurkezpenean bi errealitate horiei ere berebiziko garrantzia eman diotenean. Hala, hiru eraginguneetan oinarrituz eta bertako errealitate politikoa eta problematika propioak salatuz, independentziaren beharra eta aldarrikapena izango dute txapel gisa.

Hala, egoera politikoaz egiten duten hausnarketatik abiatuz, Ipar Euskal Herrian «asimilazioaren» aurkako dinamika bultzatzen jarraituko dutela azaldu zuten, hain zuzen, «Hau ez da Frantzia, hau Euskal Herria da» lelopean jorratzen duten ildotik. Asteotan, gainera, sinbologia frantsesaren aurkako dinamikan ere jarraituko dutela esan zuten, ikur arrotz horiek Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoatik kentzeko deia egiteaz gain.

Ildo horretan, gaualdiak ere antolatu dituzte hiru herrialdeetan, eta lehenbiziko hitzordua gaur bertan izango dela iragarri zuten, Donapaleun. Bertan, Gazte Martxa aurkeztuko dute, eta jarraian Zea Mays eta DJ Bull taldeen kontzertua izango da.

Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan, aldiz, «iruzur autonomistaren aurkako `Euskal Herria ez dago salgai'» dinamikak aurrera egingo duela gaineratu zuten gazte independentistek. Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian martxoaren 1ean egingo diren hauteskundeei begira, dinamika indartu egingo dute; «EAEko hauteskundeek PSOEren eta PNVren itun berrirako orubea finkatuko dute eta geure ekarpena egingo diogu egoerari, nahikoa indar independentista batzea lortzeko, itun berri hori posible izan ez dadin», azaldu zuten atzo Donostian.

Dinamika propioa Nafarroan

Testuinguru politiko honetan, Nafarroari ere berebiziko garrantzia eman diote. Izan ere, gazte independentisten irudiko, Nafarroa berriro ere eztabaida politikotik at uzteko asmoa ageri da. Ildo horretan, herrialdeko gazteria independentista batzeko dinamika propioa egingo dute. Gainera, apustu horretan kokatzen dute datorren martxoa- ren 14an, Olaztin, egingo duten Gazte Nafarrock jaialdia ere.

Egoera politikoaz egindako hausnarketan, batetik, ohartarazi zuten Hego Euskal Herrian jokaldi autonomista errepikatu nahi dela; bestetik, Ipar Euskal Herriari dagokionez, salatu zuten Parisek errepresioa areagotu duela, sektore abertzalea indartzen ari izanari erantzuna emanez.

Bestalde, gizartean, oro har, «gure herria miseriara kondenatzen duen eredu kapitalista inposatzen» jarraitzen dutela ohartarazi zuten. Horri guztiari alternatiba erreala jartzeko aukera, soilik independentziaren bideak ekarriko duela defendatzen dute, ziur, gazteok; lelo bakarrarekin: «Independentziara lotu».

tipi-tapa

Hiru egun iraungo dituen Gazte Martxa izango da aurtengo ekimena. Amaiurtik abiatuko da apirilaren 10ean, eta bi egun geroago, 12ean, iritsiko da Nafarroa Behereko hiriburu Donibane Garazira.

KAMISETA GORRIAK

«Gazteria independentista, gorri eta errebeldearen sinbolo» bilakatzeko xedearekin kaleratu dituzte gazte independentistek datozen hilabeteotan nonahi ikusiko diren «Independentzia» lelodun elastikoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo