Baionan 10.000 lagun bildu dira, Sarkozyren neurrien kontra egiteko
10.000 pertsona inguru bildu ziren atzo, Baionan, Sarkozyren Gobernuari haserrea adierazteko eta krisia ezin dela langileen eta zerbitzu publikoen bizkar konpondu adierazteko. Lapurdin izan zuen grebak jarraipen handiena, txikiagoa Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Horietan, ostera, zerbitzu publikoetan eragin handia izan zuen. Hezkuntza arloan langileen %85ek egin zuen greba, eta posta zerbitzuan ere nabarmena izan zen.
A. MANTEROLA-A. BUTRON |
Baionako manifestazioan parte hartu zutenen kopuruari dagokionez, Poliziak 9.000 manifestari egon zirela adierazi zuen, sindikatuen hitzetan, berriz, 14.000 izan ziren. Grebak Hezkuntzan eta zerbitzu publikoetan izan zuen jarraipen handiena. Ipar Euskal Herrian, lurraldeka, jarraipen ezberdina izan zuen. Lapurdi aldean zerbitzu publikoetako langileez gain, enpresa handietako langileek ere egin zuten greba. Nafarroa Beherean, aldiz, Hezkuntza ez beste arloetan grebalari gutxi izan ziren. Sarkozyren neurriek Zuberoako zerbitzu publikoetan duten eragina dela-eta, jarraipen handia izan zuen han. Mauleko herriko-etxea eta Zuberoako herri elkargoa itxiak izan ziren, kudeatzen dituzten beste zerbitzuekin batera.
Ikasleek eman zioten hasiera atzoko manifestazioari, azken hilabeteetan horrenbeste borrokatzen ari diren Pecresse deituriko hezkuntza erreformak «ito» egiten dituela salatuz. «Hezkuntza ez da salgai. Ikasi eta irauli. Gazte, erantzun!» zioen pankartak, «zuen erreformak sutara», berriz, beren oihuek.
Zortzi sindikatuen pankarta bateratua, ordezkari nagusiek eutsita, eta atzetik sindikatu bakoitzeko blokeak; antolatzaileen esanetan, azken hauteskundetako emaitzen araberako ordenan, LAB baztertu zuten arren.
CGTren blokeak, jendetsuenak, oren erdi eman zuen igarotzen. Bertan, karabana batetik, irrati bat -«Radio Poulet»- irudikatuz manifestarien adierazpenak igortzen zituzten bozgorailuen bidez.
Turbomeca, Angeluko Carrefour, La Redoute, Hendaiako Bonnet Névé, Novatrans, Dassault eta esparru pribatuko beste hainbat enpresatako langileak ikus zitekeen ibilbide guztian. Hala eta guztiz ere, sektore publikoko langileen presentzia nabarmen handiagoa zen. Ospitaletakoak, familien diru-laguntzak kudeatzen dituen CAFekoak, trenbideetako langileak, Merkataritza Ganberakoak, Ofizioen Ganberakoak, Kontseilu Nagusikoak, postakoak, GDF eta EDFkoak. Azken hauen ordezkaritza murritza izan zen, joan den asteko ekaitzaren kalteen konponketa lanetan buru belarri ari baitira asko eta asko.
Sindikatuen pankartak ez ezik, beren lelo propioa zeramaten norbanakakoak ere ugari ziren. Etxean egindako afixek zituzten lelo bitxienak. «Denok batera Sarkozykraziaren kontra», «XXI= beren kapitalismoa gure esklabismoaren truke», «Jatxou haserre, klaseak gainezka», «Exklusioa ez, subertsioa!».
Zuberoako manifestarien artean, batzuek Pauera jo zuten, beste batzuek, berriz, Baionara.
CFDT, FO, UNSA, CFF-CGC, Sud-Solidaires, CFTC eta FSUren blokeen atzetik, PCFko hainbat manifestari zihozen, eta ondoan, berriro, multzo handi bat, LABekoa hain zuzen, 500 bat manifestari «Mobilizazio garaia da» zioen pankartaren inguruan eta «kapitalismoaren kontra oldartzeko» dei eginez.
PSko dozena bat lagunek itxi zuten martxa. Ordurako, burua iritsia zen herriko-etxearen aitzinera, Baionan azken urteotan izan den manifestazio handienetarikoa izan zela frogatuz. Atzokoak, Gobernuak Lehen Enplegurako Kontratua (CPE) ezartzen saiatu zenean izandako mobilizazio izugarria gainditu zuela zioenik ere bazen.
Indar harremana
Atzoko mobilizazio jendetsua goraipatu zuten sindikatuek hitza hartu zutenean, eta Parisko Gobernuak bideratzen dituen erreformen aurrean, langileek «indar harremana aldatzeko» aukera zutela nabarmendu zuten. «Krisi ekonomikoaren aitzinean, indar harremana aldatu eta aurrerapen soziala inposatu behar dugu», aldarrikatu zuten.
Sindikatuek mezu bateratua zabaldu zuten: «Aldarrikapen eta proposamen indartsuen inguruan batu dira langileak, indar harremana aldatzen laguntzeko eta Gobernua eta patronalaren erabakietan pisu handiagoa izateko», erran zuten.
Atzoko mobilizazioa, izan ere, batze horren lehenengo adibidea baizik ez zela ohartarazi zuten, eta jadanik, greba egunari zer motako jarraipena emanen dioten aztertzen hasiak direla argitu zuten. Langileen ardurapean ez dagoen krisi ekonomikoa egunero «prezio azkarrean» ordaintzen ari direla salatu zurten jarraian.
Merkatuaren legeak soilik ezin ditu, sindikatuen esanetan, arazo guztiak konpondu. Ekonomia berpizteko arduradun nagusia Estatua dela adierazi eta sei puntutan banatu zituzten beraien aldarrikapenak: lehentasuna enpleguari ematea, lanpostu publikoen murrizketa etetea, soldatak igotzea, babes soziala finkatzea, langabetuen diru-laguntzak eta erretiratuen pentsioak hobetzea, eta herriaren beharrei erantzuten dien zerbitzu publikoa sustatzea.
Ipar Euskal Herriko Lehen Hezkuntzako zentroetan %72 eta 80 arteko jarraipena izan zuen, eta Bigarren Hezkuntzan %39 eta 50 artekoa. Seaskako ikastoletan %100ekoa izan zen.
SNCF tren konpainia publikoak jakinarazi zuen, Estatuko TGVen %60 ez zela abiatu. Ipar Euskal Herrian ere garraioetan protesta eguna nabaritu zen, STAB autobusen erdia ibili zen atzo.
«Frantzian greba egiten denean inor ez da konturatzen», adierazi zuen Estatu frantseseko presidente Nicholas Sarkozyk. Oraingoan, aldiz, konturatu da, CGT sindikatuaren datuek diote bi milioi eta erdi manifestari izan zirela atzo Estatuko hirietan. Hala ere, «zifren borroka» nabarmena izan zen atzokoan Estatuko agintarien eta sindikatuen artean. Parisko manifestazioari dagokionez, Poliziak 65.000 pertsona bildu zirela esan zuen eta, sindikatuen arabera, 300.000 izan ziren. Marseilan tartea are handiagoa izan zen: 20.000 botere publikoen esanetan, eta 300.000 sindikatuenean.
Hezkuntzan ere izan zen datu borroka. Estatu mailan, Lehen Hezkuntzan, %48 eta 67 artean kokatu zen grebaren jarraipena, eta Bigarren Hezkuntzan, %28 eta 60 artean. Ipar Euskal Herrian tartea txikiagoa izan zen, grebaren jarraipena %41 eta 47 artekoa izan zen. Seaskan, aldiz, %100ekoa. Eskoletako gutxieneko zerbitzuei dagokienez, Baiona, Angelu eta Biarritz aldean ziurtatu baziren ere, Hendaiak ez zuen eskaini, herriko-etxeko langileen gehiengoak greba egin zuelako.
SNCFk jakinarazi zuen TGVen %60 ez zirela abiatu. Ipar Euskal Herrian ere garraioen arloan protesta eguna nabarmendu zen. Baiona, Angelu, Biarritz eta inguruko herriak lotzen dituen STAB konpainiako autobusen %50 inguru ere ez zen ibili. Trenei dagokienez, larunbatean izan zen zikloiaren ondorioz, trenbideak moztuak dira, baina ordezkatzeko ezarri den autobus zerbitzuari ere eragin zion grebak. Biarritzeko aireportuan ere hegaldi batzuk bertan behera geratu ziren, batez ere goiz partean.
Komunikabideetan ere nabarmena izan zen mobilizazio eguna, gutxieneko zerbitzuak bakarrik zeuden irrati frekuentzia askotan eta prentsa dendetan egunkari bat baino gehiago faltan zen apaletan.