Askatasuna: «Fitxaketa masiboa egiten ari dira Ipar Euskal Herrian»
Herriko-ostatuen finantziazioaren inguruan abiatutako aitzin-ikerketaren baitan, laurogei pertsona galdekatu ditu Poliziak. Batzuetan atxilotuak izan dira, besteetan komisariara deituak. «Presioa, xantaia, umiliazioa» erabili dituztela salatu zuten atzo Baionan. Jokamolde «antidemokratiko» horrek, ordea, «ezker abertzalearen jarduera oztopatzea, proiektu politiko bat kriminalizatzea eta desagerraraztea» du helburu Askatasunaren esanetan.
Arantxa MANTEROLA |
«Beren aurkako inolako kargu eta prozedurarik gabe, azken hilabeteotan 80 lagun galdekatu ditu Poliziak eta Jendarmeriak herri-ostatuen finantziazioaren ikerketaren baitan. Egiaz, fitxaketa masiboa egiten ari dira», salatu zuen atzo Askatasunak Baionan, itaunketa jasan duten zenbait pertsonarekin batera.
Batzuetan sarekadak izan dira, etxeetara goizeko seietan bila joan eta komisariara eramanez; besteetan komisariara deituak izan dira. Kasu askotan, berehala edo ordu batzuetara, deialdi arrunta atxiloketa formala bilakatu izan da.
Oskar Bizkaik azalpenak eman zituen: «Garzonen copyright-ak -hots, herriko-ostatuak eta Batasuna gauza bera dira-, funtzionatu ez dietenez, beste teoria bat asmatu dute: tabernen bidez dirua zuritzen da. Zer asmatuko dute hurrengoan? Krisiaren hobendun garela?».
Jokamolde horren «benetako helburua ezker abertzalea jazartzea, jarduera politikoa kriminalizatzea» dela gaineratu zuen adibide ugari emanda: 9 pertsonaren kontuen blokeoa, Ducasse aferaren aitzakiaz 4 pertsona urtebetez espetxeratu izana...
Askatasuneko ordezkariaren esanetan, hori guztia, «ez da kasualitatea»: «Hau ez da eraso bakana, Euskal Herri osoan pairatzen dugun salbuespen egoeraren beste adibide bat baizik. Bi estatuek ez dute onartzen gure herria eraikitzea helburu duen proiektu politikoa eta bitarteko guztiak erabiltzen dituzte berau desagerrarazteko».
Itaunketetan erabilitako «demokraziaren kontrako» moduak salatu zituen Muriel Lucantis bozeramaileak: «Polizia andana etxera bila joatearen ordez, deituak izatea mesede gisa aurkezten dute. Xantaia hutsa eta miserablea da hori. Biluzarazteak, aztarna eta ADN laginak hartzeak, miaketak eta presioa erabiltzen dute, eta hori deitutakoak galderei erantzuteko obligaziorik ez duenean».
«Ez dute ezer ulertzen»
Xilko ostatuko kide izateagatik bere etxetik atxilo eraman zuten Ortzi Idoatek argi dauka «pentsamolde politikoagatik eta kontrol politikoa egiteko» atxilotzen dituztela: «Gure herrian proiektu ugari sortu dira herritarrek emandako diru eta elkartasunari esker (ikastolak, euskaltegiak, Laborantza Ganbera bera...). Nonbait, gure egiteko moduak ez dituzte ulertzen eta beti galdera bera egiten dute: «Zergatik eman duzu dirua?». Ez dute ikusi nahi herri honek, aitortua ez bada ere, dinamika azkarrak bultzatzen dituela eta proiektu sozial, politiko edota kultural anitz babesten dituela».
Idoatek ere poliziek umiliatzea bilatzen dutela baieztatu zuen: «Zer izango du inork uzki barruan goizeko seietan ohetik atera zaituztelarik edo deitua izan ostean komisariara joaten delarik? Hori guztia aitzin-ikerketa bat besterik ez denean? Egun batean behar bada, prozedura judizial formala bilakatuko da, baina guri herriak eman digu diru hori eta ez diogu gure proiektuei uko eginen. Aitzina jarraituko dugu».
Ostatuen diru kontuekin zerikusia dutelakoan, 80 pertsona galdekatu dituzte. Eta beste afera batzuekin lotura dutelakoan, (Ducasse jatetxearena, EHAKrekin lotura, gazteen mugimendua...) dozenaka pertsona atxilo eraman edo deklaratzera deitu dituzte komisariara.
Deitua izan ostean, abenduaren 18an Baionako komisariara joan zen Marie-Jo Hirigoyen 63 urteko emaztearen testigantza irakurri zuten atzo.
Goizean iritsi orduko atxilotua zegoela esan zioten «terrorismo eta gaizkile taldeko kide izateagatik». Biluztu, gorputz guztia osorik miatu, 2002an emandako 1.500 euroen inguruan galdetu, Xilkoko kide edo Batasunekoa ote zen...
Arratsaldean, «kooperatzen ez zuenez», atxiloketa luzatu eta argazkiak, aztarnak hartu eta fitxa guztia egin zioten, 21.30ean inolako kargurik gabe aske uzteko.