GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

Futbolaren alderik ilunena bizi izan dute jokalariek Logroņes taldean

Iker Fernandez, Pascal Elisalde eta Andoni Idarramendi Logroñesen aritu diren euskal jokalariak dira. Taldekideekin batera utzi dute Logroño, ez baitiete zegokien dirua ordaindu. Hilabete oso bat eta bestearen zati bat besterik ez dute lortu, eta gainerakoa galdutzat jotzen dute.

p046_f01_51924.jpg

Jon LEUNDA

Futbolari profesionala diruarekin eta aberastasunarekin lotu ohi da, baina errealitatea bestelakoa da. Gutxi batzuek besterik ez dute lortzen hori, eta jokalari asko eta asko dira langile arrunt baten soldata dutenak, eta azkenaldian, batez ere Estatu espainoleko Ligan, kobratzeko arazo ugari dituzte. Estatu frantseseko ligetan dabiltzan taldeek ez dute horrelako arazorik, Federazioak taldeen diru kontuak goitik behera aztertzen baititu, jokalariek hilaren amaieran dagokiena kobratu dezaten, eta hori bermatzeko gai ez diren taldeak lehiaketatik at uzten ditu.

Egoera tamalgarri hori egokitu zaie Logroñes taldeko jokalariei, tartean, bertan aritu diren hiru euskaldunei. Iker Fernandez, Pascal Elisalde eta Andoni Idarramendi. Taldea dagoeneko lehiaketatik at dago, eta jokalariak zor zaiena inoiz jasoko ez dutelakoan daude.

Logroñes taldea beti izan da estimatua Euskal Herrian. Arabako eta Nafarroako zenbait herritatik Gasteiz eta Iruñea baino gertuago dago, eta horientzat Logroñes Alaves edo Osasuna baino gertuagokoa izan da. Gainera, errioxar asko etorri dira Euskal Herrira bizitzera eta haien umeek jaioterriko taldearekiko leialtasuna erakutsi dute. Horri, hemendik Errioxara joan direnak gehitu behar zaizkio, izan ere, asko baitira herrialde horretan asteburuak eta asteak igarotzen dituzten euskaldunak, eta Logroñesen urterik onenetan bertako bazkide egindakoak ere asko dira. Izan ere, talde zuri-gorrian jokalari euskaldun garrantzitsu asko izan dira.

Joan den abuztuan administratiboki jasan zuen hirugarren jaitsiera, eta hiruretan jokalariekin zituen zorrak izan dira arrazoi. Jaitsiera horietan guztietan Hirugarren Mailan amaitu zuen Logroñoko taldeak. Abuztuaren amaieran, ordea, euskaldun batek hartu zuen taldearen agintea, Javier Sanchez nafarrak, eta bazirudien taldearen norabidea betiko alda zezakeela, baina gauzak okertu egin dira.

«Denak engainatu gaitu. Bai jokalariak, entrenatzaileak, zuzendaritzako kideak, zaleak, denak», esan zuten Iker Fernandez atezain bizkaitarrak eta jokalarien bozeramailetako batek. Egoera lotsagarriak bizi izan dituzte, eta kasu batzuetan barregarri ere izan litezke, hain larriak izango ez balira. Diru arazoak berehala agertu ziren, baina abendua izan dute hilabeterik garratzena: «Hasieran dena aitzakiak ziren, baina azkenerako konturatu ginen, egiarik ez zela. Abenduan grebara jo genuen, itxialdi bat egin genuen Las Gaunas zelaian, eta partida bat jokatzeari uko egin genion», adierazi du atezain bizkaitarrak.

Jokatzeari uko egin eta astebetera, jokalariek azken unean jokatu zuten Berceoren aurka; talde osoa batu zen azken partida izan zen: «Konturatuta geunden dirurik ez zuela, eta geure kabuz hilabete oso bat eta bestearen zati txiki bat kobratzeko modua egin genuen enpresari bati esker, baina dirua Sanchezek jaso behar zuen. Guk garbi esan genion, Berceoren partida hasi baino lehen, kobratzen ez bagenuen ez genuela jokatuko. Horrek automatikoki lehiaketatik at utziko zuen Logroñes», esan du bizkaitarrak. «Partida hasi baino lehen agertu zen presidentea diruarekin, baina ez zegoen guztia, zati bat falta zen. Berak ezin izan zuela gehiago batu esan zigun, baina guk bagenekien diru gehiago zela, eta geure zegokiguna itzultzen ez bazigun ez genuela jokatuko esan genion, eta autora joan eta falta zena ekarri zuen», azaldu du.

Hortik aurrera, etxebizitza ere utzi behar izan zuten jokalariek, horiek ere klubak ordaindu behar zituelako, eta ordaintzen ez zituenez, jokalariak Logroño utzi eta beren etxeetara itzuli ziren. Pisuen kontua konpondu bitarte ez zirela entrenamenduetara joango erabaki zuten, eta partidetara bakarrik joango zirela. Askok, ordea, taldea uzteko hautua egin zuten.

Hurrengo bi partidak nola edo hala jokatu ostean, Tedeonen aurkakoa ez zuten jokatu, eta bigarren aldia zenez, taldea lehiaketatik at utzi du Federazioak, eta datozen bi urteetan ezin izango du Lehentasunezko Mailatik gora egin.

Gezur gehiago

«Sanchezek urtarrilaren 16an kobratuko genuela esan zigun, baina eguna heldu zenean uste genuena gertatu zen. Dirurik gabeko txekeak eman zizkigun, eta handik ezin ezer kobratu. Gero, luxuzko bina kotxe eskaini zizkigun, baina ez genizkion onartu, eta azkenean putetxe baten atarian diruz betetako kamioi blindatu bat eskaini zigun, baina hura ere ezin zen onartu, eta gehiago ez jokatzea erabaki genuen», esan du Fernandezek.

Honek guztiak gauza asko utzi ditu agerian, baina jokalarien ustez, presidente nafarrak ez zuen dirurik, ez eta honelako egoera bati aurre egiteko ahalmenik ere: «Nik uste dut taldea kosturik gabe bizirik eusteko jarri zutela. Ematen du askok ez dutela nahi talde honetan aurretik gertatutakoa jakitea», dio Iker Fernandezek.

Gauzek alde txarraz gain alde ona ere izaten omen dute, eta horri begiratzen diote jokalariek, hiru euskaldunak txundituta geratu baitira hango giroarekin. «Logroñes berri bat aterako balitz, serioa, eta honelako arazorik gabe, bihar bertan joango nintzateke», esan du Pascal Elisalde atezain lapurtarrak. «Kobratu gabe egotea, hori izan da txarra, gainontzean sekulakoa izan da. Taldea, familia baten tankerakoa zen lehen egunetik, sekulako giroa izan dugu. Zaleak ezin hobea k dira, eta zelaia, berriz, kristorena, oso ongi portatu dira gurekin», gaineratu du Donibane Lohizunekoak.

Andoni Idarramendi ere bat dator horrekin: «Sekulako giroa izan dugu. Zaleek ere ikusi egin behar da nola erantzun duten. Hirugarren Mailan aritu arren, jende asko etortzen zen Las Gaunasera, eta ez diote sekula animatzeari utzi. Kanpoan jokatzen genuenean, zelaia bete egiten zuten, eta sekulako babesa ematen zuen horrek. Itxialdian egon garenean ere janaria ekartzen ziguten, gurekin igarotzen zuten gaua, ikaragarria zen. Beraiengatik izan ez balitz, lehenago joango ginen. Eta dituen instalazioak bikainak dira, futbolean aritzeko leku bikaina da Logroño», adierazi du jokalari irundarrak.

Hala ere, bada galdera bat askok egiten dutena. Azken urte hauetan izan dituen diru arazoak kontuan hartuta, eta azkeneko jaitsiera ere horregatik izan dela jakinda, nolatan joan ziren Logroñora. Bi atezainak bateratsu heldu ziren, eta erantzuna argia da. «Eskaintza ona zen eta ikusten duzu denak gustura daudela. Presidente berria heldu dela, proiektu berri bat ekarri duela, dirua ekarri duela, eta dena bikain dagoela. Ez zegoen kezkatzeko arrazoirik, eta dena ongi zegoelako ustean eta Logroñesek zuen maila kontuan hartuta, bertara joatea erabaki genuen», argitu du Elisaldek.

Andoni Idarramendi geroago joan zen: «Lemonak fitxatu ninduen, entrenatzaileak berak eskatuta, baina abuztu amaieran ez nindutela taldean nahi esan zidan. Egoera txarrean geratu nintzen. Ezin nuen ez Bigarren B Mailako beste talde batean jokatu, ez eta handik gora ere. Beraz, Hirugarren Mailara joan behar nuen, eta Logroñesen eskaintza heldu zitzaidan. Iker eta Pascal ezagutzen nituen, eta aurretik haiekin hitz egin nuen. Dena ongi zegoela esan zidaten, eta bertara joan nintzen».

Hasierako egoera ere horrelakoxea izan zen. «Hasieran dena primerakoa zen. Hirugarren Mailakoa baino, Lehen Mailako talde baten itxura zuen. Hartutako erabakiarekin ezin nintzen damutu, baina egia laster hasi zen azaltzen, eta gure dirurik han ez zen inondik inora agertzen», esan du Andonik.

Azkenean, egoera honek ez du bueltarik. Javier Sanchez presidenteak lanean jarraitzen du, baina ez du inorekin hitz egiten, ez die deiei erantzuten, eta taldeak ezingo du Lehentasunezko Mailatik bi urtetan igo, aurrez desegiten ez badute behintzat. Izan ere, jokalariek esandakoen ostean, auzitegia tartean sartu da, eta azken urteotan gertatu dena aztertuko dute. Logroñokoa, gainera gertuagoko talde batzuentzat adibide izan daiteke. Duela 12 urte Lehen Mailara igo zenean, inork ez zuen uste horrela amaituko zuenik, baina handik aurrera dena gaizki egin dute.

Andoni Idarramendi bigarren aldiz geratu da soldata kobratu ezinik

Gaur egun kobratu ezinik ibiltzea ohiko bihurtzen ari da talde askotan. Zoritxarrez, gutxik dute Logroñesen izena eta izana, eta askotan itzalean geratzen dira gauza hauek.

Andoni Idarramendiren kasuan bigarren aldia da. «Iaz Granadilla taldera joan nintzen, Kanariar Uharteetara, eta kobratu gabe itzuli nintzen», esan du Idarramendik. «Abokatuak esan didanez, hura kobratuko omen dugu, ez dakit noiz, baina kobratuko omen dugu. Logroñesekoan, berriz, ez dut uste horretara helduko garenik», adierazi du.

Une honetan ez du talderik, baina eskaintzak baditu: «Bai, eta aztertzen ari naiz. Azkeneko bi ostiko horien ostean garbi daukat, lehenengo eskaintzen didatena gauzatzeko gai izan behar dutela erakutsi behar didatela, bestela ez dut etxetik ateratzeko asmorik», ohartarazi du. Iker Fernandezek eta Pascal Elisaldek jadanik lortu dituzte talde berriak. Bizkaitarrak ez du Logroñotik urrutira joan beharrik izan, Mirandes taldeak fitxatu baitu. Hala ere, bera ohituta dago bere bizilekutik urrun ibiltzen, joan den denboraldian bertan Guijuelon egon baitzen.

Elisalde ez da horren gertu geratu, Badajozera joan baita Cerro de Reyes taldera. Orain arte Aviron, bi etapa ezberdinetan, Touluouse, Eibar eta Real Union izan dira aurreko taldeak. Orain Logroñon emandako maila eman nahi dute bi atezainek.

Baliteke heldu den urtean berriro ere etxera gerturatzea, futbol mundua dagoen bezala edozer gerta baitaiteke. Hala ere, hirurek garbi utzi dute, Logroñon proiektu berri bat ateratzen bada, gustura itzuliko liratekeela Errioxara. J.L

ITXAROPENA

Javier Sanchez nafarra taldearen zuzendaritzara heldu zenean itxaropena ekarri zuen, proiektu berri bat eskaintzen zuelako. Baina gero ikusi da ez duela ezer ere bete, eta azkenean Logroñes galdu du, une honetan lehiaketatik at baitago, eta Lehentasunezko Mailan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo