Joxemari Ostolaza 2009/2/1
Preso
ARGIA
Lagunei idatzi euskarazko eskutitz arinenek ere, bide luzeagoa egiten dute helbideraino iristeko erdarazkoak baino. Frogatuta daukat. Eta are frogatuago, haiek igorritakoak, azkenak hilabete eta erdi egin baitu auskaloko bidetik nireganaino heltzerako. Aldiz, erdarazkoak hiruzpalau egunetan heltzen dira, euskarazkoak ez bezala irekita izan direnik arrastorik gabe. Normal. Izan ere, euskarazkoaren gutunazalak, bizpahiru aldiz zabalduta izan balitz bezala eta esku dorpez puskatuta, bere beheak neurriz kanpo luzeegiak erosi eta bere horretan utziak arrastaka daramatzaten galtza-praken itxura dakar, urratutako intimitatearen lekuko. Argi utzi nahi digute, euskaraz idatzitakoak zigortzen dizkigutela eta nor- malizazioak erdaraz idaztea eskatzen duela. Horrela jotzen digute beren erronka, etengabean enbidoka. Bi arrazoi dauzkagu gurean jarraitzeko. Gure arteko harremana euskaraz eraikia dugula, erdarak gure artekoetan arrotz ditugula, eta zigorrek eta mendekuzko injustiziek ahuldu, herabetu, kikildu eta mehetu baino, hazten eta indartzen gaituztela. Eguberritakoak otsailaren erdialdean jasotzen ditugula? Azaroan igorri garaiz iritsi daitezen. Eta orain, udaberria irudikatuz jardun, gauza bagara eta.