Rikardo Arregi 2009/1/26
Assistant
DEIA
Krisia dela eta, jende asko ari da lana galtzen egunotan (edo EREren batean bueltaka: orain lanera, orain etxera), baina aldi berean enplegu, lehen begiratu batean, absurduak ugaltzen dira egunetik egunera. Coolhunter, hots, modan jarriko dena aldez aurretik iragartzeko kaletik jendeari begira (jende berezi samarrari, jakina) edo interneteko mundu birtuala aztertzen dabilen lana zaharra da jadanik, baina kontsumismoarekin loturik dagoen beste lan bat agertu berri da: shop edo shopping assistant. Kontsumitzea zaila da (...) eta batzuetan ez dakigu (...) ezin erakargarriago egingo gaituzten praka horiek non saltzen dituzten edo ia Lourdes ematen duen ileapaindegi berria non jarri dutenShop assistant bat horretarako dago, berak gidatuko zaitu denda eta merkatalgune handien oihan arriskutsuetan barrena. Erostea eta kotsumitzea oso gauza burgesa izango da, ez dut ukatuko, baina zaila da, lan nekosoa (izerdi horiek probalekuetan) zure hobbya ez baldin bada. Alde txar bat ikusten diot bakarrik shop assistant bat kontratatzeari: berari ere ordaindu behar zaiola. Ekonomia sustatzen ari zareneko kontsolabidea beti dago hor, dena den.
Nire lagun batek shop assistant izan nahi du, eta nik uste dut bookshop assistant bezala lan ona egingo nukeela. Beste lagun batek dio love assistant izan nahi duela jendeari berogailu fisikoak topatzen laguntzeko.
Guztiok pentsatzen dugu gero eta beharrezkoagoa zaigula hemen, gauzak nola dauden ikusita, prison assistant lanpostuak sortzea, jakiteko Auzitegi Nazional horretan zer aurpegi jarri behar den. Animo Arantza Urkaregi.