Maite Ubiria Kazetaria
EDFk txapela berdea jantzi du uniforme atomikoaren gainean
Energiaren merkatuan mugimendu handiak ikusten ari gara azken urteotan Europan. Errusiak eta Ukrainak kasik negu oro jokatzen duten borroka ahantzi gabe, egunotan nuklear lobbyak lanean bizkor dihardu... tarteka guri arrain faltsuak irentsarazi nahian.
Ingurumena errespetatzen aitzindaritzat ditugun Europa iparraldeko herrialdeetan, autonomia energetikoaren ikurrina lotsagabekeriaz altxatuz, atomoaren lagunek «garaipena» lortu dutela diote. Finlandiar gehienak bestelako energia iturriak babestu arren, erreaktorea eratzeko hautua egin zuen gobernuak. Atzerapenez atzerapen, egitasmoak 400tik gora milioi euroko galera ekarri dio eraikitzaileari, Areva enpresa frantziarrari.
Bost axola. Urtarrilaren 29an, Frantzian herritar uholdea politika ekonomikoa salatzeko karrikara atera zen egunean, Sarkozyk dirua erruz xahutuko duen zentral berria eraikitzeko plana aurkeztu zuen.
Normandiako egitasmo nuklearraz mintzatu gara dagoeneko txoko honetan. Alta, erreaktore bat eraikitzeak ez du ase, eta Seine-Maritime-ko departamenduan, Penlyn herrian, hain zuzen ere, bigarren EPR eratzeko asmoa plazaratu berri du Frantziako presidenteak.
Lobby nuklearrak, azkar mugitzeaz gain, baliabide berriak atzeman ditu, gainera, bere mezua gozoago bilakatzeko. Atomikoa benetan nolako trebezia erakusten duten energia alorreko konpainiek janzten duten uniforme atomikoaren gainean txapela berdea eramateko. Dotoreziaz, gainera.
Hirugarren belaunaldiko erreaktorea eraikiko duten enpresek ez dute aspaldi inor beldurtzen. Ez, gutxienez, beren komunikazio bulegoek zabaltzen dituzten mezuak irakurririk. Interneten zabaltzen dituzten leihoetan garbitasuna nagusitzen baita.
Asepsia horren gibelean ezkutaturik, bestelako mundua nahi dutenen artean eroso azaltzen dira. Energia berdea kudeatzen duten heinean, Grenier de l'Environnement delakoan... ala Baionako lehen merkatu ekologikoan, badute zer esan. Eko-bizik erabiltzen duen berogailu sistema eta bertze horniketen bilan energetikoa hobetzen laguntzera etorri omen da EDF. Penlyn-eko zentralaren berri emanen al dute bere harrera-gunean?