Julen MURGOITIO
Ziklo berriko haizeak
Depresioa zetorrela entzun eta handik minutu batzuetara lagunak burdinak eskuan zeramatzatela ikustean ulertu nuen harena. Baina oker nengoen, berriro ere oker, borraska zen. Borreroen aska ote? galdetu nuen neure ilunak argitu nahian. Ez, depresiozko borraska esan zidaten, haize berri erauntsiak lagun; ziklogenesia edo. Haize berria datorrela? Ziklogenesia? Badakit zertaz dauden pentsatu nuen neure apalean, ezker abertzalearen kanpaina da hori, bai, seguru, izan behar, ziklo eta haize berriak igartzen baitihardu azken honetan. Baina ez, oker beste behin ere. Ama, ama! noiz zuzenduko neure buruaren okerra? Zikloi meteorologikoa zen, urakana modukoa baina Kantauriko tropikoan. Demontre! zer gaitza den informazio-autopisten jendarte honetan hitzak zuzen harrapatzea! Informazio baino autopista gehiago diren seinale. Tira! alerta gorrian ginela entzun nuen geroago, eta sinestu egin nuen, alarma soziala sortzen ohi duen erakunde batetik baitzetorren abisu moduko mehatxua, Lakuako Barne Sailetik etorri ere. Hau kolpea! pentsatu nuen kolpe batez; Sail horretakoak Urbinan ikusi nituen burutik kolpeka pasatzen zitzaizkidan irudietan, porra luzea eskuan haizeari oldartzen, haize-hotsari tiroka, haize-parrastadei esku-burdinak lotu nahian zebiltzala, haize-zirimolek zuzenbide estatua okertu ez zezaten. Honetan behintzat seguru ez nagoela oker. Hala ere, zorionez, oldartze hori nahikoa izan ez eta haizea libre ibili da bazterrik bazter, erditik ere, erauntsian, bere arrazoiaren indarra arrazoi osoaz erakusten. Baina zer progreso eta progreso oste da gaurkoa? Administrazioak energia berriztagarriak aho betean bultzatzen dituela esan, haizearena eta olatuena kasuko, eta horiek hemen ederto batean ditugula argindarrik gabe geratzen gara etxean. Zeinek ulertu horien buruak darabilen logika antzeko hori? Tira! uholde garaian ere ur barik geratzen ohi gara; eta lehortean izerdia sobera botatzen dugu, inora bildu gabe. Eta askatasun ezari demokrazia esaten diote euren kloakek atxilotuta dauden demokratek. Eta hauteskundea hautua egiten uzten ez duen iruzurkundeari.
Eskerrak zikloiak askatasun puntu bat ekarri dugula, meteorologikoa izan bada ere, politikoa izan ez bada ere. Autobusetan idatziko nuke nik: «Seguruenik jainkorik ez dago; seguru demokraziarik ez dago. Goza ezazu askatasun meteorologikoa».