Ikurrinaren alde egindako manifestazioan, 1.800 lagun bildu dira Bergaran
Bai Euskal Herriari ekimenak deituta, jendetza bildu zen atzo Bergarako kaleetan ikurrinari babesa emateko. Inposaketen aurrean, euskal ikurraren alde «arduraz jokatzeko garaia» dela adierazi zuten.
GARA |
Antzuola, Aramaio, Arrasate, Bergara, Eskoriatza eta Gatzagako alkateek, eta Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohiak, ikurrina handi bat eskuetan zeramatela, manifestazio jendetsua egin zuten atzo Euskal Herriko ikur nazionalari babesa emateko. 1.800 lagun inguru bildu zen Bergaran, Bai Euskal Herriari ekimenak bultzatutako eta dozenaka eragileren babesa zuen mobilizazioan. Ikusgarria eta hunkigarria izan zen atzo Debagoieneko herri honetan egindako ekimena.
Udaletxe aurreko plazatik abiatu zen jendetza, eta herriko kale nagusiak zeharkatu zituen, ekitaldia hasi aurretik. Bertsoek egin zieten ongietorria bildutakoei, eta jarraian Iker Dorronsoro Bai Euskal Herriari ekimeneko kideak hartu zuen hitza. Gaur egun «euskal nortasun ikurrak desagerrarazi nahian, Euskal Herrian atzerriko banderak inposatzen» ari direla salatu zuen, eta zera gaineratu zuen: «Euskal Herria bere etorkizunaren jabe izatea nahi dugunok argi dugu euskal instituzioetan ikurrinak egon behar duela, eta ez gure herria ukatu eta banatzen dutenen banderak».
«Geurea ikurriña» adierazpenak Debagoiena eskualdean jasotako babes zabala gogora ekarri ostean, Dorronsorok salatu zuen azken urteetan jarrera eta pauso ugari eman direla «euskal nortasuna agertu, adierazi edo aldarrika zezakeen» edozein egitasmo desagerrarazteko, eta gaineratu zuen zatiketa administratiboa oinarri hartuta, eta «divide y vencerás» leloa oihukatuz, «gure nortasuna mantentzeko eta gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea zapaltzen digutela».
Atzera begiratuta, gogorarazi zuen 1977ko urtarrilaren 19aren ondotik, euskal instituzio gehienetan ageri zela ikurrina, eta pixkanaka Euskal Herri osoan hedatu zela, baina gaurko egoera «oso bestelakoa» dela ohartarazi zuen, eta bandera espainola inposatu eta ikurrina desagerrarazteko bidea abiatu dutela.
Horregatik, Bai Euskal Herriari ekimeneko kideak adierazi zuen «arduraz jokatzeko garaia» dela, manifestazio buruan zeuden Debagoieneko alkateek egin bezala. «Ziur gaude ikurrinari eutsiko diotela; ez dutela onartuko espainiar bandera Euskal Herriko udaletan jartzeko agindurik», baieztatu zuen, eta, edonola ere, ikurrina defendatzea denon eginbeharra dela nabarmendu zuen. «Herriko jaietan eta Aberri Egunean ikurrinez bete behar ditugu gure etxeetako leiho eta atariak, garai batean horrenbesteko indarra zuten ekimenak berreskuratu behar ditugu», eskatu zuen.
Ikurrinari agurra
Jarraian, Jose Luis Elkoro eta Debagoieneko alkateak igo ziren oholtzara, eta Elkorok hitza hartu ostean, dantzariek ikurrin dantza egin zuten. Handik, udaletxeko balkoira igo ziren alkate eta alkate ohiak, eta Elkoro berak eta Jose Antonio Altuna Arrasateko alkate ohiak ikurrina jaso zuten. Dantzariek, orduan, agurra dantzatu zioten Euskal Herriko ikurrari.
Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohiak, eta Arrasate, Bergara, Antzuola, Aramaio, Eskoriatza eta Gatzagako alkateak zihoazen manifestazioaren buruan, ikurrin handi bat zeramatela.
Bai Euskal Herriari-ren ekimenak dozenaka gizarte eragileren, LAB, EHNE eta ESK sindikatuen, Ezker Abertzalea, EA eta Aralarren, eta Debagoieneko ia alkate guztien babesa jaso du.