Berezkoen Buruz Burukoa
Ezkurrak eta Waltarik iragarpenak bete dituzte
Urruñarrak Lazkano menperatu zuen 40-20, eta kubatarrak Etxeberri, 40-26.
Jon LEUNDA | DONAPALEU
Ez zen ezusterik izan, eta Paxkal Ezkurrak eta Agusti Waltarik ez zuten ezusterako tarterik utzi. Hala, bai kubatarra bai lapurtarra finalerdietako ligaxkan izango dira. Lehenengoak 40 eta 20 menperatu zuen Bixente Lazkano, eta bigarrenak, berriz, 40-26ko emaitzarekin utzi zuen bazterrean Etxeberri.
Jende ugari hurbildu zen Donapaleuko trinketera final-laurdenetako bi kanporaketak ikusteko asmoz. Jaialdia, Waltariren eta Etxeberriren arteko partidarekin hasi zen, eta kubatarrak 40 eta 26 irabazi zuen, partida berezi samar batean.
Norgehiagoka bitxia izan zen. Hasieran kubatarrak hartu zuen agintea eta ez zion aurkariari ezer egiten utzi. Oso denbora gutxian 24-10 aitzineratu zen. Bazirudien norgehiagoka erabakita zegoela, baina ez zen horrela gertatu. Gehiegizko konfiantza hartu zuen, eta horren ondorioz agertu ziren bere gabeziak, eta hori ederki aprobetxatu zuen Etxeberrik. 0-14ko partzial bat lortu zuen, eta markagailuan 24-24koa jarri zuen, jendearen ezusterako. Hurrengo kintzean ere berdinketa izan zen, baina hortxe amaitu zen partida.
Waltari, finalerdietako ligaxkan izatekotan jarrera aldatu behar zuela konturatuta, partidan sartu zen berriro, eta egurra emateari ekin zion. Horrela jokatzen duenean, oso zaila izaten da berari aurre egitea, eta Etxeberrik ederki ikusi zuen, 25-25 berdinduta egon ostean, Waltarik 15-1ko partziala sartu baitzion, eta ez zion ezer egiten utzi. Partida gustagarria izan zen, kintze politak ikusteko aukera eman zuena.
Kolorerik ez
Bigarren kanporaketa ere erakargarria zen, bi urruñar baitziren aurrez aurre, Paxkal Ezkurra eta Bixente Lazkano. Dena dela, aurreikuspenak garbiak ziren, eta apustulariek ere horrela ikusten zuten, dirua oso nabarmen atera baitzen Ezkurra gaztearen alde.
Ez zen ezusterik izan, eta Paxkalek oso erraz eraman zuen norgehiagoka. Lazkano ezustea emanda zetorren Idiart mendean hartuta, baina iazko txapeldunordeak ez zuen ustekaberik nahi, eta hasieratik ekin zion aldea jartzeari. Lazkanok ezin izan zion jarraitu.
Ezkurrak apurka-apurka egin zuen bidea, eta azkenean kintze erdiak bakarrik egin zizkion bere herrikide eta adiskideak. Ez zuen gehiegi behartu beharrik izan atzo Urruñako atzelariak, baina argi eta garbi utzi zuen aurten ere finaletik oso gertu izango dela. Finalerdietan hiru partida izango ditu, eta aurrera egiteko bi behintzat irabazi beharko ditu. Waltari eta Ezkurra, iazko txapelduna eta txapeldunordea, biak izango dira finalerdietako ligaxkan.
Atzo Donapaleun Waltarik eta Ezkurrak lortu zuten finalerdietako ligaxkarako txartela. Baina jokatu gabe beste batek ere eskuratu zuen, Kurutxari ere aipaturiko ligaxkan izango baita. Bihar jokatu behar zuen Sorhueten aurka Donibane Garazin, baina hau min hartuta dago, eta jokatzeko moduan ez dagoenez, jokatzeari uko egin dio.
Philippe Karrikartek, lehiaketako arduradunak, atzo GARAri baieztatu zionez, Sorhuetek jokatu ezin duenez, Kurutxariri emango zaio partida irabazitzat, eta Nafarroa Behereko atzelaria finalerdietako ligaxkarako sailkatuta geratuko da. J.L.