Juan Luis Mugertza Berango
Pitingo eta enparauak
Igandean jabetu nintzen: Juan Luis, ez zaude batere jantzita. Integrazioa ala hil, txikito. Gasteizen mitin batean Pitingo izan zen eta nik ez dakit nor den Pitingo. Galdetu ez galdetu ibili nintzen, baina nori? Azkenean, barregarri ez gelditzeko, nire burutazioak egin nituen, jakinda sarri askotan aurreiritziek ezer gutxi balio dutela.
Eta hantxe ikusi nuen Pitingo taldeko abeslaria edota gitarra-jotzailea PPko nagusiari, Mariano Rajoyri, bostekoa ematen. Itxura ikusita, estiloa ikusita, ez zitzaidan Aizarnazabalgoa iruditu, horretan ez dut uste oker nagoenik. Tele 5, Antena 3... kateetan -Euskal Telebistan ez nuen irudikatu nahi, jakina, gurean ere...- ikusi nuen Pitingo taldeko mutikoa musika melenga ahoan eta milaka jarraitzaile sutsuen txaloak lagun.
Bai, horrelaxe irudikatu nuen Pitingo. Jakin-minak jota banago ere, ez dut inolako gogorik Pitingoren nondik norakoak jakiteko. Halarik ere, baloratu beharko banu orain arteko kanpainako ikuskizuna, orain arte barre eragin didan bakarra Pitingo taldea da, eta ez da gutxi ikusi eta gero zer nolako maila erakusten duen demokrazia honek bultzatutako zirkuak.