Ibai Zenoz
Eutsi goiari, Hodei!
Martxoko gau batean atxilotu zintuzten. Ondoren zure etxeko atea bota eta goitik behera miatu ostean, espetxera bahituta eraman zintuzten. Bederatzi hilabete daramatzazu bakartuta, presioak, jipoiak, umiliazioak, irainak... bakardadean itotzen saiatu dira, zure buru gogorra suntsitu nahian. Horrelakoak jasanda ere, bisitetan zure irribarrea belarritik belarrira mantentzen duzu, zure duintasuna eta borrokarako grina pizturik mantentzen dituzun bezala. Oraingoan 38 urteko espetxe zigorra ezarri nahi dizute, bizi osorako espetxe zigorra.
Eskutitz honen bitartez nire indar guztiak bidali nahi dizkizut une zail hauetan.
Aldi berean, agur bero bat azken hilabetetan Iruñerrian izandako sarekadetan atxilotuak izan zareten gazte guztioi. Zuen denboraren zati garrantzitsu batez gure herria eta gazteon eskubideen alde borrokan aritu zaretenoi. Zuen ilusioz, indarraz eta grinaz sistema sozial, politiko eta ekonomiko zikin hau kolokan jartzen duzuenoi. Gure herriko gau ilun eta kale hotzak argiz eta berotasunez betetzen dituzuenoi.
Uholdea gelditzen saiatu dira, baina boteredunen eskuetako zirrikituetatik beti pasako da ura, geldiezinak gara.
Azkenik, ongi etorri Iruñerrira zulo zikin horretatik atera berri zaretenok.
Besarkada bero bat, Hodei eta aste honetan salbuespen auzitegian epaituko zaituzteten Burlatako gazte errebeldeei. Fermin, Maribi eta Unai, animo, laster etxean izango ditugu. Duintasunaren eredu zarete!