GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

San Frantziskotik ekarritako «esnea»

Ez nuen inoiz pentsatu «esneak» hainbesterainoko garrantzia har zezakeenik. Gogoan dut txikitan eskolan ematen ziguten hura, betikoa, pasteurizazio prozesutik pasarazten zutena. Mehea. Zaporerik gabea. Ez nuen gustuko. Ez dakit zergatik, baina betidanik nahiago izan dut baserriko esnezaleak zuzenean etxera ekartzen zigun hura, manipulatu gabea, naturala, nahiz eta askorentzat bakterioz betea egon eta gaixotasunak kutsatzeko arriskugarri izan.

Ez nuen igandera arte jakin «esnea» San Frantziskotik ekarri zutenik, ezta behi talde urri batek hainbeste lagunen hazkuntzan lagunduko zuen edari magikoa egiteko gaitasuna izan zezakeenik ere. Orduan konturatu nintzen zenbat litro irentsi ditugun urte luzeetan zehar, eta zenbat erraztu zuen abere talde hark bakoitzak edan nahi duen «esnea» gaingabetua edo osoa izan dadin aukeratzeko duen eskubidea. Ez ziren larre handitan hazitako abereak izan, baina zelaietan zabaltzea lortu zuten.

Gogoan dut eskolatik etxerako bidea amaren eskuari helduta egiten nuenekoa. Arratsaldetan, sukaldeko mahai gainean esertzen ninduen, eta hozkailutik esne lapiko hotza ateratzen zuen. Gainean esnegaina izaten zuen eta, ogi muturraren gainean jarrita, azukrez lepo eskaintzen zizkidan nire gozamenerako. Hura jatea bekatua zen amarentzat, baina ez genion hutsik egiten arratsalderoko zitari, eta denborarekin konturatu da naturala dena barneratzea baino gauza politagorik ez dagoela. Harvey Milkek ontziratu zuen «esne» hura lehenengo aldiz eta, ordutik, milaka izen, aurpegi, kolore eta ikur erantsi zaizkio, haiek ere, milaka lagunen hazkuntzarako, gizartearen heziketarako baliagarri izan direnak.

Gaingabetua omen da egun «esnerik» salduena, mehea, zaporerik gabekoa; besteak gehiegi gizentzen du-eta. Euskal Herrian, baina, San Frantziskora bidaiatu zuten esnezale andana dago eta haiek ere hutsik egin gabe eusten diote eguneroko zitari. Gero eta bezero gehiago ei dituzte, baina sojatik eratorritakoa noraino heltzen den ikusi behar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo