GARA > Idatzia > > Euskal Herria

IUTko ikasleek klaseak bertan behera utzi dituzte, irakasleen babesarekin

Unibertsitate Institutu Teknologikoko ikasleek Sarkozyren Gobernuaren erreformen kontra mobilizazioak berritu dituzte aste honetan. Ostiralera arte ez da klaserik izango eta hainbat ekintza antolatu dituzte.

p018_f01_148x104.jpg

Idoia ERASO |

Baiona eta Angeluko IUT Unibertsitate Institutu Teknologikoko hiru zentroetan aste osoan zehar mobilizazioak izango dira. Astelehen goizean, hiru zentroetako Informatika, Enpresen Kudeaketa eta Administrazioa eta Merkataritza Tekniketako ikasleek biltzar orokorra eginez, aste osoko protestei ekitea erabaki zuten. Hala, asteko klaseak bertan behera uztea deliberatu zuten. Arratsean irakasleek ere batzarra egin zuten, eta ikasleen protestarekin bat egitea erabaki zuten. Hamar bat irakaslek parte hartu dute ekintzetan.

«IUT arriskuan baldin badago, gure lanpostuak ere bai», adierazi zuen BAB Baiona-Angelu-Biarritz barrutiko irakasle batek. Izan ere, Gobernuaren erreformek IUTek eskaintzen duten prestakuntzari bitartekoak murriztuko dizkiote. Alta, ikasleak irakasleengandik zuzenduagoak dauden bestelako goi ikasketen aldean, «kalitatezko prestakuntza da», adierazi zuen IUTko irakasleak. Gaineratu zuenez, ordea, «baliabide gutxiago ematen badizkigute unibertsitate hezkuntzaren esparruan itoko gara».

Estatu mailan egiten ari diren mobilizazioekin bat egiten du Lapurdiko IUTk. Joan den ostegunean, IUTko ordezkariek ultimatum bat igorri zioten Valerie Pecresse, Goi Ikasketa eta Ikerkuntzako ministroari, eta erantzunik jaso ez zutenez, aste honetako ekimenak abian jartzea deliberatu zuten. Estatu osoko IUTren zentroetan mobilizazioak egiten ari dira.

Ekintza anitzak

Klaseak bertan behera uzteko erabakiarekin hasi zen astea. Atzo, berriz, «barraskilo» ekintza egin zuten Baiona eta Angeluko bi egoitzak lotzen dituen bide nagusian. Arratsaldeko ordu bi eta erdietatik arratsaldeko bostak ingurura arte ikasleen auto ilara bat ibili zen emeki-emeki.

Gaur barbakoa egingo dute Angeluko Montauryko egoitzan. Arratsaldeko sei eta erdietan hasiko da, eta horren ondoren gau osoan egoitza okupatuko dute ikasleek. Bihar, prentsaurrekoan, egoeraren balorazioa azalduko dute. Gizarteratu nahi dituzten ideia guztiak agiri batean aurkeztuak izango dira.

Erizain Institutua Saint Crouts eraikinean ezarriko da

Baionako IUTren lehengo egoitza zen Saint Crouts eraikinean aurreikusita dago Arènesetako arte eskola ezarriko dela, baina artistak heldu baino lehen erizainak kokatuko dira bertan. Izan ere, joan den ostiralean hiriko auzapez Jean Grenet eta Baiona-Euskal Kostaldea Ospitaleko zuzendari Angel Piquemalek hitzarmena sinatu zuten. Horren arabera, 2009ko urrian IUTren lehengo egoitzan Erizaintzako Institutuko 300 ikasle ezarriko dira.

Ospitaletik hurbil den Saint Croutseko egoitzan medikuntza eta paramedikuntzarekin zerikusia duten bestelako ikastaroak ere ematea aurreikusten da, egun eskaintzen diren prestakuntza ikastaroak garatuz. Zazpi urtez, Ahizpa Zurien zaharren egoitza izandakoan egon dira erizain ikasleak behin-behineko egoeran. Saint Crouts Baionako ospitaletik hurbil egoteak bi zentroen arteko sinergia hobetuko du eta ikasleentzat beharrezkoak diren praktikak egitea ere erraztuko du.

Ospitalak hartuko ditu bere gain eraikina mantentzearen gastuak eta 1.000 euro sinboliko ordainduko dizkio Herriko Etxeari, 6.000 m2-ko alokairuagatik. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo