GARA > Idatzia > > Ekonomia

Adineko 600.000 pertsona pobrezian bizi da Estatu frantsesean

Abate Pierre fundazioak Estatu frantseseko ostatu arazoei buruzko txostena argitaratu berri du. Bertan azaltzen duenez, 65 urtetik gorako 600.000 pertsona pobrezian bizi dira eta 3 milioi eta erdi pertsona baina gehiagok dituzte ostatu arazoak. Elkartearen ustez, Estatu frantsesak baztertu egiten du herrialdea «ostatu eskuragarri nahikoz hornitzea». Gainera, egoera zailean dauden pertsonentzako eta gizarte taldeentzako laguntzak gutxitu egin dituzte.

p024_f01_97x140.jpg

GARA |

Abate Pierre fundazioak Estatu frantsesean ostatu arazoei buruzko txostena argitaratzen du urtero. 2008ko datuekin txosten berria plazaratu berri du eta politika publikoek ostatu arazoa ez dutela kontuan hartu salatu du elkarteak. Era berean, egoerari aurre egiteko konponbide berritzaileak eskatu ditu.

Datuei erreparatuz, 65 urtetik gorako 600.000 pertsona hileroko 628 euroko laguntza sozialarekin bizi dira Estatu frantsesean, pobreziaren mugaren azpitik, beraz, Europar Batasunak muga 752 eurotan baitu ezarria. Gainera, 3.498.800 herritar etxebizitza duinik gabe bizi dira.

«Politika publikoen bidez diru sarreretan dauden ezberdintasunak arintzen saiatuko zirela uste bagenuen ere, oraingo hausnarketen ostean, aurkakoa gertatuko den beldur gara» dio testuak. Txostenak 2008. urtea krisi ekonomiko eta finantzario sakon batek kolpatu duela nabarmentzen du, bereziki maila sozial kaltetuenek jasan dutena eta eragin handia izan duena familien erosteko ahalmenean.

Errealitate honek jada gogorrak diren egoeren okertzea eragin du etxebizitza bat aurkitu eta mantentzeko zailtasunak handiak baitira. Izan ere, Estatu frantsesak ez baitu «irtenbiderik» eta baztertu egiten baitu Frantzia «ostatu eskuragarri nahikoz hornitzea».

Elkarteak jaso dituen datuen arabera, 2 milioi pertsona baino gehiago ostatuari dagokionez «oso baldintza zailetan» bizi dira eta 861.000 egoera «prekarioan». 100.000 pertsona etxebizitza egonkorrik gabe daude. 500.000 pertsonak ez dute etxebizitza propiorik baina badute bizitokirik; horietatik 100.000 kanpinetan bizi dira edo etxez aldatzen ibiltzen dira. 150.000 inguruk beste pertsona batzuekin partekatzen dute etxebizitza, «egoera zailetan», 50.000 ostatuetan eta 41.000 txabola edo behin-behineko eraikinetan.

Laguntzak behera doaz

Datu kezkagarri hauen aurrean, txostenak etxebizitza alorrean inbertsio publikoek behera egin dutela nabarmendu du eta ostatu sozialen eraikuntza gabezia dagoela. Gainera, 2000. urtean Estatuak BPGren %1,36 bideratu zuen alokairuak babesteko, 2008an, berriz, %1,11.

Bestalde, 2007. urtean eraikitzen hasi ziren 425.000 eraikuntzetatik «soilik» 153.000 bideratuko dituzte diru sarrera apalak dituztenentzat edo merkatuko prezioaren azpitik dauden alokairuetarako, %36 guztira, 2000. urteko %65aren parean. «Testuinguru kezkagarri honetan, arazo batzuk are eta larriagoak bilakatzen dira. Esaterako, auzo gatazkatsuetan, bizi baldintza orokorrak eskastu direla ohartu gara; botere publikoak arduragabetu diren sentsazioa zilegitasunez indartu da», dio elkarteak.

Patrick Doutreligne, elkarteko ordezkari nagusiaren iritziz, pentsioen erreformak, 10 urtetik honako etxebizitza eta alokairuen prezioaren eztandak eta familia aberatsei eta ez apalenei lagundu izanak okertu egin dute egoera.

Doutrelignek pertsona helduenekin agintariek erakutsi duten sentsibilitate falta salatu du. «Azken urte hauetan karitatezko elkarteetako ateetan ikusi ditugu erretiratuak. Mugimendu masibo bat dago» esan du Christophe Robert, elkarteko ikerketen zuzendariak.

 

Ostaturik GABE

3 milioi eta erdi pertsonak ez dute etxebizitza duinik. 100.000 pertsona etxebizitza egonkorrik gabe daude. 500.000k ez dute etxebizitza propiorik, horietatik 100.000 kanpinetan bizi dira edo etxez aldatzen ibiltzen dira.

POBREZIAREN MUGA

65 urtetik gorako 600.000 pertsona hilean 628 euroko zerbitzu sozialarekin bizi dira Estatu frantsesean, pobreziaren mugaren azpitik, beraz, Europar Batasunak muga 752 eurotan ezarria baitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo