GARA > Idatzia > > Kultura

Talaiara igota, itsaso kolpe batek eramandako marinelaren zain

«Talaia»tik itsasora begira jarri da Gero Axular dantza taldea bost urteko ibilbidearen joan-etorrian. Portuko emakumeen eta itsasgizonen arteko loturak kasik ehun gaztek antzeztu eta dantzatuko dituzte ostiralean Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatuko den ikuskizun berrian.

p041_f01_250x136.jpg

Ariane KAMIO

Itsasoak eta lurrak bat egiten duten «Talaia» da Gero Axular dantza taldearen agertoki berria. 8 eta 18 urte arteko itsasgizon eta portuko emakumeak dira olatuen joan-etorriarekin bat biziko direnak. Haietako biren maitasun istorioa izango da ordubete pasa irauten duen ikuskizun berriaren gidaria eta ostiralean eta larunbatean emango dute haren berri Antzoki Zaharrean burutuko duten estreinaldian. Juan Luis Unzurrunzaga da patroi lanetan aritzen den buruetako bat eta berak gidatzen ditu Gero Axular taldeko marinelak. Hirugarren aldia da gazte horiekin itsasoratzen dena eta, denboraldiz denboraldi, gero eta jarraitzaile gehiago dituela aitortu zuen. Taldeak 2004an hasi zuen ibilbidea. Donostiako Axular Lizeoan euskal dantzak irakasten ziren baina urtetik urtera ikasle kopuruak behera egiten zuen. Haien irrikak pizte aldera, ikuskizun berezi bat sortzea erabaki zuten. Lehenengoa «Sasi artean» izenburupean egin zuten, (16 dantzarirekin) eta haren atzetik etorri zen «Lamien basoa» (50 partaiderekin). Taldearen azken erronka «Talaia» da, eta ia ehun ikaslek osatzen dute ikuskizuna.

Muntaia horietan musikari profesionalek eta teknikariek parte hartzen dute eta bi urtero aldatzen da egitasmoa «haurrak gauza bera egiteaz nazkatu ez daitezen». Hilabete luzeetako lana da zuzendaritza artistikoko kideek egiten dutena egitasmo berria estreinatu aurretik. «Iazko udaberrian hasi ginen istorioaren zirriborroa egiten. Ondoren, erabiliko diren dantzak finkatzen dira eta haiek osatzen dute ikuskizuna gidatuko duen haria», azaldu zuen Unzurrunzagak. Pauso guztiak dantza tradizionaletik berreskuratuak dira. Oraingoan, Gipuzkoa, Bizkaia, Zuberoa eta Nafarroakoak baliatu dituzte. Hala ere, betikotasun horretatik harago doa talde horren eskaintza eta «aldaketak» egiten dituzte, musikan, adibidez. «Nahiz eta pauso batzuk Otsagabiako dantza batetik hartzen ditugun, musika guztiz aldatzen dugu. Ez dugu soilik txistuekin egiten; sintetizadoreak, arrabitak, gitarrak... erabiltzen ditugu. Erritmo bera da, baina musika aldatu egiten da», esan zuen. Zuzendariaren arabera, «pausoak oinarrizkoak dira istorioa kontatzeko eta, dantza tradizionaletik berreskuratzen diren arren, besoak eta gorputza asko mugitzen ditugu», betiko mugimendu eta legeetatik aldendu eta ukitu berritzaileak emanez. Musikak eta antzerkiak dantza bat bestearekin lotzen dute eta, horrela, etengabeko ikuskizuna bideratzen duen lokarri jarraitua sortzen da. Koreografiez gain, baina, attrezzo eta eszenografia lanak ere kontuan hartu behar dira, baita antzezleen jantzien diseinu eta sorrera ere. Dirua izatekotan «erraz» gauzatu zitekeen egitasmoa litzakeela iritzi dio Unzurrunzagak baina, kasu honetan, gurasoen laguntzarik gabe halakorik egitea bideraezina izango zela onartu zuen.

Beren ibilbidea 2004an hasi bazuten ere, denbora horretan Europako hainbat bazterretan izan dira euskal kultura eta folklorea erakusten. Belgika, Estatu frantsesa, Venezia eta Portugal bisitatu dituzte, besteak beste eta, guztietan, euskal dantzak ikur hartuta burutu dituzte ikuskizunak. Izan ere, talde horren helburua, sorreratik, euskal kultura lantzea izan da «ikusten genuelako haurrek ez zituztela ezagutzen euskal dantza eta kantuak eta hori guztia gaurkotu zitekeela pentsatu genuen». Ondo pentsatutako ideia izango zen hura, gaur egun 170 gaztek ikasten baitituzte euskal dantzak Axular Lizeoan gauzatzen diren ikastaroetan. Lizeoko eta kanpoko dantzariek osatzen duten Gero Axular itsasontzia Donostian porturatu da eta, momentuz, bertako talaiatik begira egongo dira marinelak ostiralean eta larunbatean. Arrantzura irtengo dira ondoren eta, hurrengo geldialdia zein portutan egingo duten erabaki ez badute ere, ziur herrixka batean berriro maiteminduko direla.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo