GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Inazio Agirre Arregi Ezker abertzaleko kidea

Gogoeta 21: lehengo lepotik burua

Hizkuntza batek bizi behar badu, beharrezkoa izan behar du, eta beharrezkoa da bere komunitateak hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko boterea baldin badu

Hauteskunde sasoian aurkeztu du Jaurlaritzak «Euskara 21» gogoetaren emaitza. Neurri berriak iragarri ditu, baina azaleko aldaketak dira eta lehengo hizkuntz politika zaharrean jarraitzen du. Ez da hizkuntz politika berria, menpeko hizkuntz politika erreformatua baizik, egungo inguru asimilatzailean.

Jaurlaritzak berak adierazi du menpeko hizkuntz politika horren porrota bere 2005-2009ko egitasmoan: «Euskararen erabilera urria eta guztiz irregularra da»; «euskaldunak bakarrik hartuz gero, euskararen erabilerak behera egin du»; «1982 inguruko urteetan ez bezala, erdal elebakartasunaren aldeko diskurtsoa ari da orain gure artean zabaltzen»; «ezin da euskararen geroa bermatutzat eman». Eta Nafarroa Garaian eta Beherean, Lapurdin eta Zuberoan euskararen egoera, salbuespenak salbuespen, ez da hobea.

Orain dela ia 30 urte, EAJk eta PSOEk adostu zuten politika eredu hori Hego Euskal Herrirako. Eta ordukoa da Iñaki Larrañaga adituaren oharpen hau: «Hizkuntz komunitate baten biziraupena eskubide kolektiboan datza... eta irtenbide faltsuak dira orain panazea balira bezala erakusten dizkiguten elebitasunaren mitoa eta eskubide pertsonalen engainua. Maximotzat jo izan diren horiek hizkuntza batek normaltasunean bizitzeko behar dituen minimoetara ere ez dira iristen». Ez zuen arrazoi falta.

Hizkuntza batek bizi behar badu, beharrezkoa izan behar du, eta beharrezkoa da bere komunitateak hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko boterea baldin badu. Baldintza hauetan euskararen etorkizuna bermatzeko botere hori euskal estatu burujabea da.

Espainiako eta Frantziako estatuek mendeetan zehar euskal nortasuna debekatu eta beren naziotasun arrotzak bortxaz ezarri dituzte Euskal Herrian. Nafarroako estatua konkistatu eta beretu ondoren, euskal hizkuntza eta kultura ordezkatzen saiatu dira, euskaldunoi nazio kidetasuna aldatzeko. Bi estatu horien mehatxupean, egungo hizkuntz komunitate euskaldunak presio gehiegizkoa eta ezin iraunezkoa jasaten du.

Asimilazioa gelditzeko beharrezkoa da aldaketa politikoa. Nahitaezkoa baita Euskal Herriaren zazpi herrialdeetako 3 milioi herritarrek hitza hartzea eta Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko aukera erabakitzea. Zertarako? Alemanak Alemanian betetzen dituen eginbide guztiak betetzeko; bi erdaren nagusitasuna bukatu eta euskaraz bizitzeko; Europako herriek, hizkuntzek eta herritarrek berdintasunezko aukera eta tratamendua izateko; menpeko herria, agindupeko hizkuntz komunitatea eta bigarren mailako herritarrak izatea gainditzeko; euskal nortasuna berreskuratzeko Euskal Herri osoan eta, hala, Europako kultur eta hizkuntz aniztasunak iraun dezan.

Hiztunak normaltasunez bizitzeko, bere komunitatearen osotasuna behar du. Eta euskal hizkuntz komunitatearen lurraldea Euskal Herria da, euskara baita Euskal Herriko zazpi herrialdeen berezko hizkuntza (nahiz eta garai historiko ezberdinetan euskarak hedapen zabalagoa izan). Bertan, mendez mende, euskaldunak euskaraz bizi eta beren eskubideen alde borrokatu dira. Halaber, Bartzelonako 1996ko Hizkuntz Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren arabera, hizkuntz komunitatea da eskubidedun, hots, eskubideen subjektu da.

Euskal estatua ezkerretik eraiki behar da euskaraz, herritarren partaidetzarekin, ororen eskubide guztiak aitortuz, nazio hizkuntzaren aldeko jarrera zibiko eta politikoa indartuz; eskubideen eta betebeharren berdintasunez jokatuz, inoren betorik eta bereizkeriarik gabe. Euskara beharrezko egin behar da demokratikoki eta kostu sozialik gutxienarekin; arrazoizko neurriak onartuz eta beharrezko ez diren eragozpenak baztertuz; behetik gorako prozesu eraginkorra burutzen saiatuz; etorri berriak eta beren kulturak errespetatuz, euskaldun eleaniztunezko Euskal Herri euskalduna berreskuratu arte.

Baldintza horiek aintzat hartuz, eskubideen arteko talka gertatzen denean, hizkuntz komunitate euskalduna berrosatzeak izango du lehentasuna. Hori ez da inposatzea, lorpen demokratikoa baizik. Baina horretarako ezinbestekoak dira aldaketa politikoa, demokrazia eta herri-gogoa. Euskal Herri euskalduna berreskuratu ahal izateko, ezinbestekoa baita erabilera soziala bultzatzeko beharrezko ingurune egokia eraikitzea. Hori da euskarak behar duen aldaketa nagusiaren norabidea. Baina Gogoeta 21ek ikuspegi horren aurka egiten du; lehengo lepotik du burua. Ez da hizkuntz politika berria, azken 30 urteko menpeko hizkuntz politika erreformatua baizik, egungo marko asimilatzailean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo