GARA > Idatzia > > Euskal Herria

AHT trenbidea kostaldera hurbiltzen ari da Lapurdin, sentsibilizazioarekin batera

Ingurumenaren Defentsarako Elkarteen Koordinakundeak, CADEk, AHTren egitasmoaren eta geltokiaren kokapena Uztaritzetik Baionara aldatzeko aukeraren berri eman zuen atzo Baionan.
p021_f02_97x112.jpg

Idoia ERASO |

Pirineo Atlantikoetako departamentuko prefetak Lapurdi kostaldeko auzapezak bildu zituen AHT trenbideari buruz eta Ipar Euskal Herrian izan lezakeen geltokiari buruz mintzatzeko. Bilkura horretara ez zituzten Uztaritze eta Urketako alkateak gonbidatu, eta hori geltokiaren eta trenbidearen egitasmoa kostalderantz, Baionako Bachefores alderantz, eramaten ari diren seinaletzat hartu du CADEk.

Koordinakundeak, orain arte, Milafranga eta Uztaritze aldean egin izan du informazio kanpaina, eta, orain, aldiz, kostalderantz mugitzea deliberatu du. Elkarteak sortu nahi dituzte herrietan, eta horretarako, Baiona, Hiriburu, Urruña eta Senpere aldean hitzorduak finkatu dituzte.

Geltokia Baionan egiteak erabiltzaileentzat eskuragarritasuna ekarriko lukeela jakinik ere, trenbide berriak orain dagoen zaharrari bidaiariak kenduko lizkiokeela nabarmendu zuten. Izan ere, RFFek, Estatu frantseseko tren konpainiak, Uztaritzeko geltokiak erakarriko lituzkeen 28.000 bidaiarietatik 13.000 trenbide zaharrari kendutakoak liratekeela argitzen baitzuen aurreikuspenetan.

Koordinakundeak Baionako auzapez eta Baiona-Angelu-Biarritz BAB hiri elkargoko presidente Jean Greneti gutun irekia idatzi dio. Haren bidez, hautetsien artean zabaldu diren zalantzak azaltzeaz gain, BAB elkargoak Hirigintza Agentziari eskatuko dion txostenari buruz mesfidati agertu da CADE.

CADEkoek Hirigintza Agentziako ordezkariekin elkartu zirela adierazi zuten eta bilkura horren ondoren trenbide berria egingo denik ez dutela zalantzan jartzen. «Hirigintza Agentziak ahal duena egiten du arauak hautetsiek nahi dutenaren arabera molda daitezen», salatu zuen CADEko bozeramailea Victor Pachonek.

Trenbidearen trafikoari buruz azterlan independentea egiteko eskaera egin zuen berriz CADEk, orain arteko txostenetan kopuruak goietsiak izan zirela argudiatuz. RFFren beste egitasmo askori buruzko ikerketak egin dituen Lausanako Eskola Politeknikoak egin dezala eskatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo