GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Esne bildotsaren jaia antolatu dute larunbaterako Gasteizen

GARA |

Kalitatea Fundazioak eta Arabako Foru Aldundiak Eusko Labela duen Esne Bildotsaren Festa antolatu dute larunbat honetarako Gasteizko Foruen Plazan.

Goizez, Carlos Ibarrondo adituak Gasteizko ekoizleek ekarritako 32 esne bildots erreko ditu burruntzian. Erreketa 10.00etan hasiko da, eta 13.00etatik aurrera jateko prest egongo direla aurreikusi dute antolatzaileek. Orduan hasiko dira bildotsak zatitzen eta ondoren mila pintxotik gora eskainiko dira. Pintxoak euro baten truke banatuko dira. Jasotako dirua esklerosi anizkoitza dutenen alde emango da.

Ekoizleen azoka

Gainera, dastaketa gunearen ondoan, Arabako ekoizleen produktuak salduko dituen nekazaritza-azoka txikia ere egongo da, eta bertan, besteak beste, gazta, ogia, txakolina eta sagardoa erosteko aukera izango dute gerturatzen direnek.

Eusko Labela duen esne bildotsa garaiko produktu bat da, azarotik maiatzera bitartean ekoizten dena, Euskal Herriko arrazetakoa: Latxa eta Karrantzana. Bildotsa amaren esneaz elikatzen da eta 3 eta 5 aste artean dituenean hiltzen dute; bildots horiek haragi samur eta zapore bikainekoa ematen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo