GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Herri osoan euskarari «lehentasuna» eman behar zaiola aldarrikatu du EHEk

Euskal Herri euskalduna eraikitzeko «aldaketa» sakonaren premiaz ohartarazi zuen atzo EHEk. Gaztelania eta frantsesaren nagusitasuna bukatzeko, euskarari «lehentasuna» ematea dela bidea adierazi zuten.

p020_f01_148x104.jpg

Manex ALTUNA |

Gaur egungo egoeran euskaraz «bizitzea» ezinezkoa dela hamaika aldiz utzi dutela agerian adierazi zuten atzo, Bilbon, EHE Euskal Herrian Euskaraz elkarteko kideek. Igone Lamarain eta Unai Larreategi bozeramaileek azaldu zutenez, euskara gaztelania eta frantsesaren «menpe» eta «bigarren maila» batean dago Euskal Herri osoan eta egoerari buelta emateko beharrezkoa da «lehentasunezko» hizkuntza izatea.

«Euskara, Euskal Herriko berezko hizkuntza da eta ondorioz, berak beharko luke gure herriaren hizkuntza izan», gaineratu zuen Larreategik.

Baina, EHEko kideek onartu zuten eran, egoera guztiz bestelakoa da gaur egun. Konstituzio frantsesak zein espainolak euskaraz biziko den herriari ateak ixten dizkiote, hizkuntza menpekoak ezartzen dituzten politikak erabiliz eta «jatorrizko herrien izaera, nortasuna eta kulturaren gainetik pasaz».

Estatu horiek, nahiz eta zenbaitetan, presio bideen ondorioz, aldatzera behartua ikusi duten beren burua, ez dute «estatuaren hizkuntza hegemonia zalantzan jarri». Adibide bezala, legebiltzar frantsesak euskara ondare gisa izendatu izana aipatu zuten.

Hitz gogorrak izan zituzten, era berean, Lakua eta Nafarroako Gobernuek daramatzaten hizkuntz politikak direla-eta. Lamarainek kritikatu zuenez, Euskal Herriaren zatiketan oinarrituta aurrera eramaten dituzten hizkuntz politikek euskara bere onera ekartzea» baino, erdaren «nagusitasuna» zaintzea dute helburu.

Miguel Sanzen Gobernuak ingelesa oinarri duen ereduaren alde egiten duela salatu zuten eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan orain arteko irakaskuntza ereduak mantentzen dituztela «eragileak eta herritarrak heldu ez den erreformaren zain izan ondoren».

Lakuari, zehazki, egotzi zioten elebitasunean oinarritutako hizkuntz politikari jarraituz, euskararen «biziraupena» izatea helburu bakartzat.

Hizkuntz politika «burujabea»

Larreategik, bestalde, euskaraz biziko den herria eraikitzeko «aldaketa» sakonaren premia dagoela, eta «gaurdanik» eraikitzen hasi behar dela aldarrikatu zuen. Aldaketa «errotik» egin beharrekoa dela ohartarazi zuen, eta horretarako, «kanpo» esku-hartzerik gabeko hizkuntz politika garatzea nahitaezkoa dela azaldu zuen.

«Zapalketa eta zatiketa gainditu eta euskararen herria berreraikitzeko tresnak gureganatu behar ditugu euskal herritarrok», adierazi zuen.

Euskal Herriaren eskubideen alde diharduten eragile guztiek euskaraz biziko den herria dutela helburu ozen aldarrikatu beharko luketela esan zuen EHEko bozeramaileak. «Herria eta hizkuntza, bata bestea gabe ez dira ezer, eta bat bezala bizi eta eraiki behar ditugu».

Herritarrok, era berean, euskarari «lehentasuna» emanez, geure eguneroko jardunean euskaraz bizitzeko «pausoa» egin behar dugula gaineratu zuen.

HAUTESKUNDEAK

Hauteskunde kanpainan alderdi politiko gehienek euskarak egun duen egoeran jarraitzearen aldeko jarrera agerian utzi dutela salatu zuten EHEko kideek.

BILERAK

Datozen hilabeteotan eragile politiko, sindikal, sozial zein norbanakoekin batzartzeko asmoa dutela agertu zuen EHEk, iritziak eta ekarpenak jaso eta eraikuntza lanean sakonduz joateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo