GARA > Idatzia > > Kultura

Ikastolen Elkarteak «Ikastola» kantua berreskuratu du, hamaika kolaboratzaileren laguntzarekin

Orain 35 urte Saioka taldeak sortutako «Ikastola» kantua berreskuratu du Ikastolen Elkarteak eta, gaurkotze bide horretan, kolaboratzaile andana izan du, Pirritx eta Porrotx eta Eñaut Elorrieta, kasu.

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Hogeita hamabost urte atzera eginez gero, Saioka taldeak sortutako «Ikastola» kantua izango du gogoan batek baino gehiagok. Ikastolen sorkuntzaren hastapenean kasik ereserki bilakatu zen hura eguneratzeko lanean aritu da Ikastolen Elkartea. «Ikastola askok erabili izan zuten abestia berreskuratu nahi izan dugu, gaurko egoerara ekarriz, mezua eta doinua berrituz eta talde lana bultzatuz», azaldu zuen Koldo Tellituk, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakariak.

Azken bi urteak igaro dituzte kantuaren berritze lanak egiten eta, bide horretan, hamaika kolaboratzaileren laguntza izan dute. Abestiak ahapaldi propioak dituen arren, ikastola bakoitzak, errepika errespetatuz, bere letra sortzera gonbidatu zituen Tellituk, inguru bakoitzean jazotzen direnak kantu horretan islatuak gera daitezen, eta bakoitzak bere bertsioa egin dezan.

Laguntzaile finak

Donostiako Koldo Mitxelenan egin zuten aurkezpenean kolaboratzaileen laguntza izan zuten Ikastolen Elkarteko kideek eta, taldearen buru, nola ez, Pirritx eta Porrotx pailazoak. Haiek lanean jartzeko, baina, ezinbestekoa da haurren presentzia, eta bertan izan ziren Oiongo ikastolako ikasleak ere -ekainaren 21ean bertan ospatuko da Araba Euskaraz-. Horiekin batera izan ziren, besteak beste, Eñaut Elorrieta (Ken 7ko kantaria) eta Xabi Zabala ere. Guztiak «pozik» agertu ziren egitasmo horretan kolaborazio lanak egin izanarekin. Horiekin batera, bertan parte hartu dute, hala nola Igor Telletxeak, Luis Mari Morenok, eta Tapia eta Leturiak. Pirritxen esanetan, «kolorez betetako mundua» irudikatu nahi dute eta koloretako ametsak nahi dituzte haurrentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo