Tortura salatzera herritarrei dei egin diete, alderdien isiltasunaren aurrean
Torturaren Aurkako Eguna izango da ostiralean, eta amnistiaren aldeko mugimenduak herritarrei dei egin die torturaren aurka mobiliza daitezen; izan ere, gogorarazi zutenez, PSOEren Gobernuak sistematikoki baliatzen du tortura eta honen aurrean «PNV, EA, IU eta enparauek ez dute ezertxo ere esaten». Gaineratu zuten Joxe Arregiren heriotzaren urteurrenak hauteskunde kanpainaren hasierarekin bat egingo duela aurten eta aipatutako inork ez duela «tortura bere programan landu».
Maider EIZMENDI |
Tortura jasan duten hainbat lagunek, Joxe Arregi eta Ttottoren senideekin batera, agerraldia egin zuten atzo, datorren ostiralean izango den Torturaren Aurkako Eguneko mobilizazioetan herritarrei parte hartzera deitzeko.
Joxe Arregi zizurkildarra, bortizki torturatua izan ostean, Carabanchel espetxeko ospitalean hil zela 28 urte betetzen diren honetan, ohartarazi zutenez, «Estatu espainol zapaltzailearentzat tortura ezinbestekoa da» oraindik, eta horren adibidetzat, iazko 62 tortura salaketak aipatu zituzten.
Torturari PSOEren Gobernuak erabilera politikoa ematen diola salatu zuten, «aurreko beste gobernu guztiek egin duten bezalaxe», eta horren aurrean, «PNV, EA, IU eta enparauak erabat mutu eta isilik» geratzen direla ohartarazi zuten. «Sistemakoa den heinean, eurei interesatzen zaie tortura, eta ikusi baino ez dago diskurtsotik harago zer egiten duten torturaren aurka». Amnistiaren aldeko mugimenduko kideen hitzetan, torturaren bidez lortzen dute atxilotuak bere burua erruztatzea, eta hori baliatzen dute politikoki Euskal Herriko sektore independentista zigortzeko.
Gogora ekarri zuten Torturaren aurkako Eguna eta hauteskunde kanpainaren hasiera egun berean datozela aurten. «Amnistiaren aldeko mugimenduak baieztatu du, Euskal Herriko sektore baten bazterketa politiko, sozial eta errepresiboa onartzen duten alderdi politiko horiek guztiek euren programetan ez dutela torturaren gaia jaso ere egiten».
«Hitzik ere ez»
Xelebretzat jo zuen kargua hartu berri duen AEBetako presidenteak «poltsa» ez erabiltzeko agindua ematea, «hemen aipatu ere egiten ez den bitartean». «Entzun nahiko genuke -nabarmendu zuten- hainbat jende esanez ez dutela aurrerantzean elektrodorik erabiliko, ez dutela `bañera' erabiliko, ez dutela jendea jipoituko edota ez dutela itoaraziko poltsa batean; baina ez dute hitzik ere esaten; erabili bai, ordea».
Horregatik, egoera honen aurrean herri mugimenduaren garrantzia azpimarratu zuten. «Herri mugimenduak izan behar du nahi eta nahi ez erantzun beharko duena». Hala, herritarrei dei berezia egin zieten ostiralean hainbat herritan torturaren aurka egingo diren ekimenetan parte hartzeko.
Diskurtsoez harago, alderdiek ez dute ezer egiten torturaren aurka. Hauteskunde programetan ere ez dute gaia landu.