GARA > Idatzia > > Kultura

Misterioan oinarritutako Imanol Sorondoren lana, Amodiozko Gutunetan onena

GARA | BERGARA

Bergarako Jardun Euskara Elkarteak antolatutako Amodiozko Gutunen Lehiaketak baditu irabazleak. Imanol Sorondo hernaniarra izan da garaile Jerardo Elortza idazleak, Oihana Bartra bertsolariak, Rafa Rueda kantariak eta Alaitz Sarasola iazko irabazleak osatutako epaimahaiaren esanetan, «itsasoko elementuekin jokatu eta galderetan oinarritzen den gutun misteriotsuarekin».

Imanol Sorondoren gutunak Agurtzane du protagonista, maitalearen erantzunaren zain dagoen neska. Galderetan murgilduta, ahanztura eta jakin-minaren arteko borrokan barneratzen da; erantzungo ote dion, zer esango dion... jakin nahi baitu, ahaztu nahi duen aldi berean. Sorondo 1996ko edizioan ere irabazlea izan zen.

Bigarren saria Leire Mendizabal ordiziarrak eskuratu du, epaimahaiaren iritziz, «tragiko samarra izan arren, sakontasunez idatzitako gutun klasikoagatik». Herriko onenaren saria, berriz, Uxue Agirre eta Elene Etxanizek eraman dute, Itxasok Peru atxilotu ostean idatzitako gutunarekin. Bergarako ikasleek osatutako epaimahai gazteak, bestalde, Nagore Gonzalez legazpiarra saritu du, orijinaltasuna agerian uzteagatik.

Zazpigarrenez, SMS mezuek ere izan dute tokirik lehiaketan eta oraingoan zortzi partaide lehiatu dira. Lehenengo saria Eskoriatzako Ibon Segurarentzat izan da, epaimahai gazteak «mezu goxo eta motza» bezala definitu duenarekin. Hala dio: «Zure bgiek hitz egitn dutnean, nire ezpaink ezin dute hitzik asmatu». Lehiaketara aurkeztutako lanak, oro har, malenkoniatsu eta tristeak izan direla aipatu zuen epaimahaiak, «sentimenduz beteak» eta orokorrean, maiteminen arteko kontuak islatu dituztela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo