Julen MURGOITIO
Pasaetaikus@aus
Hastear dago gurean, modu ofizialean, munduko ikuskizunik handiena. Bai, hori berori. Hauteskunde-karpa dagoeneko zabalduta dago, ikuskizun horrek ofizialean behar duen guztia barrura bildu duela: barregura sortu ez eta barregarri geratzen diren pailazo tristeak; sare bat ez baizik eta bost, bata bestearen gainean, azpian dutela airetik eskua elkarri emanda eskuin-eskuin saltoka dabiltzan balizko akrobatak, Estatutua bazter batean eta Konstituzioa bestean, karparen goialdeko estrukturatik kable bidez estuki lotuak, erakustaldian estualdia pasatu ez dezaten; lehen ustez pizti eta orain seguru abere direnen hezitzaile trebeak ere ezin karpapean falta gero! Orain etzan orain altxa, eta horra saria, hartu eskukada bat garia! bankariak hezitzaile politikariak gari-jale.
Karparen atarian badira hiritarrak, ate aurrean errenkadan eskuan papera dutela, eta kartel handia ikusgai: «Visa hartzen da. 24 ordu. Karpa barruan zein kanpoan. Frantsesa, grekoa, poltsa eta bainuontzikoa». Bizkaiko Diputazio buruak ere inguruan, paperak eskuan eta eskua altxatuta dutela oihuka dabiltza, globalizazioaren azokan legez, sarrera-paperak notario aurrean zozkatuta karpapera sartu nahi dutenen artean banatzeko, hemen edo Benidormen.
Karpatik gertu, baina aldi berean urrun, kaiolak dira, kaiola-multzo handia, oraindik abere bidean ez diren piztiak aterpetzeko, babes ofizialeko kaiolak izan ere, BOK edo. Kaiolen aurrean hezitzaileak, karpa barruan gari-jale izanak berak, laguntza teknikoa eta guztiz, paparrean air-baga dutela amua moduko bananak botatzen burdin-barren artetik. Errepublika sozialista bananeroa! Tira, harira! Gurutze gorriaren banderatxo eguna zelakoan nengoen ni lehengoan, egunero gainbegiratzen ditudan egunkarietako azaleko argazkia ikusita: haxe banderatzarra! demontreko oihal itsusia! non eta eusko legebiltzarreko atarian! apenas ikusten da eraikina bera!. Badakizue esaera zaharrarena: esadazu norekin zabiltzan eta zera esango dizut: zoaz pikutara!
Eskerrak eus domeinua datorrela. Betiko ezbaia ekarriko du, seguruenik: euskadi ala euskal herria?. Ezbairik ez balego listo! kirolarena konponduta: eus selekzioak! Baina nago ni, denbora batez sikiera gure domeinua aus izango dela, ez auskadi ez auskal herria, ez, Auskalo Herria baino!
Pasatu eta ikusi! Hastear dago.